Arrakalak eta jarrera
Emakumeen kontrako indarkeria aztertzen hasiz gero, kontzeptu, jatorri eta edukien zurrunbilo nahasgarria sortzen da buruan; ustez argi eta garbi dagoena, norberarentzat zein jendartearentzat, ez da hain gardena, ez eta bateratua ere. Batik bat, horren aurreko jarrerak.
Hasteko, badaude Genero Indarkeriaren Kontrako Lege Integrala, lege hori aplikatzeko epaitegi bereziak, halako kasuetan espezializaturiko epaileak. Baina justizia egiteko guneak pertsonen eskuetan dauden heinean, horien aurreiritzi eta interpretazioak ere jokoan sartzen dira; beraz, batzuek gogorrago, beste batzuek malguago aplikatzen dute, eta zenbaitek, legea sekula onartu ez balitz bezala. Horrek guztiak segurtasun juridiko eza handia eragiten du biktimengan, salatu osteko zoria zortearen esku dagoelako sentsazioa, arriskatzeko asko -bizia, esaterako, bizirik iraun arren ere, burua- eta irabazteko berme gutxi, epailearen arabera.
Bestetik, prozesu judizialak gorabehera, asko dira indarkeria mota honen baitan esku hartzen duten alderdiak, ugariak eta oso bestelakoak lantzeko eta konpontzeko ildoak. Subjektuak eurak, batetik; euren historia eta ibilbidea, ingurunea eta bertako baldintzak, bestetik. Zerk eragin du, zergatik iraun du, nola daiteke... non egon dira senideak, lagunak; non jendartean behar bezala finkatuta daudela uste dugun bitarteko eta babes guztiak; non gaitzespena eta zerbait egitea, ekimena. Ez dugu ulertzen, jendarteak oraindik ez du ulertzen, indarkeria honen muinean korapilo handia dagoela, antzinatik nahaspilatuz eta sendotuz joan den harreman eredu desorekatua, jabetza, menderakuntza eta botere nahian oinarrituta, bizimodua eta bertako harremanak ulertzeko ikuspegi errotu bezain bidegabean. Halakorik askatzea, horretatik ihes egitea, ez da bi eguneko garaipena; indarra eta baldintzak behar dira, laguntza eta etorkizuna, eta borondate handia, biktima batek, hain zuzen, zapaldu-zapalduen duena.
Uste dugu arazo honekiko jendartearen jarrera hain dela garbia eta tinkoa, non harritu egiten gaituen emakumeek horretan irautea, beren bizitza tratu txar etengabeari, mina baino eragiten ez duen gizon bati eskaintzea. Ez egitea alde, ez salatzea, ez hastea berriro. Uste dugu denok gaudela bat eginda, erasotzaileak gutxiengoa eta senetik irtendakoak direla, erraza dela horiek erditik kenduta -kartzelatuta- arazoa konpontzea, baina ez da horrela. Aurrera egin dugun arren, gauzak aldatuz doazen arren, oraindik ez da horrela.
Azaroaren 25ak erakusten du denok gaudela ados, denok egiten dugula geure emakumeon borroka, denok dugula horren aldeko iritzi eta jarrera, hedabideetan, erakunde-adierazpenetan eta kalean sentipen hori da nagusi, emakumeon bizitza eta eskubideen kontrako erasoarekiko tolerantzia eza. Baina «kalean uso, etxean otso» askoz ere jarrera isilagoa da, inondik inora erakusten ez dena, hain zuzen. Egikaritzen duenik badagoelako, indarkeria honek badirauelako, ez gara denak bat, arrakalak dauzkagu, eta horiek detektatzen eta ixten jarraitu beharra dugu. Egun bateko sentsazio faltsuek itsu gaitzaten saihestuta.