GIZON-PROBA
Mikel Altzolak besteen gainetik dagoela erakutsi du berriro ere
J.L.
Mikel Altzolak aurreikuspen guztiak bete zituen atzo Euskadiko gizon-proba Txapelketan, eta txapela oso erraz irabazi zuen.
Altzola da azkeneko urte hauetako txapelduna, eta plazaratzen den guztietan denen gainetik dagoela erakusten du. Atzo ere horixe bera egin zuen. Lau plaza, 1/4 eta 0,25 metro egin zituen, eta gainerakoei alde nabarmena atera zien.
Bigarren postuan Perez sailkatu zen, 3 plaza, 1/4 eta 3,60 metro eginda. Podiuma, berriz, Urpek osatu zuen. Azken honek 2 plaza, 3/4 eta 3,50 metro egin zituen.
Espero zena baino gutxiago egin zuena Juan Carlos Lopez arabarra izan zela esan liteke. Altzolaren faltan aurrena ere ibili izan da, baina atzo ez zuen egun onik izan. Laugarrena izan zen, nahiz eta hirugarren postua ere ez zuen oso aparte izan. 2 plaza, 3/4 eta 0,22 metro egin zituen.
85 kiloz azpikoetan, berriz, Satsibarrek jantzi zuen txapela. Honek ere lan bikaina egin zuen; plaza bat, 3/4 eta 4,50 metro egin zituen, eta hori nahikoa izan zuen amaieran garaipena erdietsi ahal izateko. Jendeak ere erantzun ona eman zien Nabarnizen jokatutako saioei.