Kronika | Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Irazurentzat Illunbeko bigarren aulkia, puntutan gorago joandako saioan
Gpuntuaren bigarren finalaurrekoa joan da. Gaztelumendi eta Irazu lasai antzean egon daitezke, Illunben gordeta baitute tokia. Eta besteren batzuk ere seguru samar izan dezakete finalista titulua, atzoko saioan puntuazioa bezperan baino gorago joan baitzen.
Amagoia MUJIKA
Kartzelako lan dotore batekin errematatu zuen Jexux Mari Irazuk ondo ekarritako saioa. Hartara, Illunbeko finaleko aulki bat berotuko du Larraulgoak. Oholtza gaineko zortzi aulkietako bat noski, ez beheko aldeko milaka horietako bat.
Bigarren kartzelan honako gaiari kantatu zioten bertsolariek: Azken ordu erdian hamabost aldiz begiratu diozu erlojuari. Irazu kirofano baten kanpoaldean eseri zen, barruan zeukan aita gogoan hartuta. Horrela bota zuen bigarrena: «Holakoak pasatzean gainditzea ez da errez/ norbere kasua bada zail da hartzea umorez/ relojuari begira gutxitan egona aurrez/ berdin dio igurtzia den zilarrez edo urrez/ bizitza osatzen baita hondoez eta gailurrez/ erlojuari begira halako aurpegi samurrez/ behin betirako gelditu behar ote den beldurrez».
Eta, hirugarrena, goitik berriz: «Ordu erdi zenbat luze izan leiken azkenean/ begiratu, begiratu, pena, kezka barrenean/ eta poza iritsi da ordu erdi ondorenean/ anestesia pasata ezagutu nauenean/ urte batzuek baditu larogei pasa soinean/ beste batzutan aurrera orain arteko heinean/ eta agur esango dit ordua iristen denean». Aho zapore oso gozoa utzi zien Irazuren kartzelakoak Tolosako Usabalen bildutako bertsozaleei -1.500 inguru-. Ordurako, kartzela eder hura sinatzerako, fin-fin egindako ariketa asko zituen puntuazioaren kutxan.
Hala ere, kartzelako lanetan txalotuena, bai entzuleen aldetik beroen jasotakoa bai epaileen aldetik puntu gehien pilatu zituena, Iñigo Izagirrerena izan zen. Bertsozaleak eskertu egin zuen Izagirren hautatutako umore bidea, primeran josi zuena gainera. Hiru bertsoak izan ziren onak. Lehena, hauxe: «Larunbatean ibili ostean pozik zuritoz zurito/ neska batzuna inguratzea beti izaten da rito/ bakarren batek hartu ninduen gustuko edo neurriko/ ostiralean jarri zen zita baietza eman da kito/ hementxe nator atsalde osoan prestauta horren guapito/ bere portalan aurrean nago postea bezala tinko/ eta susmoa hartua nago ez zaidala etorriko». Eta, bigarrena: «Ze ondo geunden barra ertzean elkarri hitzak xuxurla/ ikusten nun bai zita batera zuzendu zela brujula/ era hortako itxaropenik nahiz ez zen piztu sekula/ arroxazkoa ez da izango nonbait gure pelikula/ bi minutura erlojurantz so denbora nola kalkula/ azaroa da hotz egiten du laster pulmoni mardula/ esaten nun ba taberna baten geratu behar gendula».
Sarriegi ere kirofano baten atean eseri zen kartzelakoan, bere haurra noiz jaioko zain. Ez zen Sarriegiren bertso arratsalde onenetakoa izan, nahiz eta azkenean puntu dezente pilatu zituen, Illunbeko finalean egoteko adina segur aski. Lehen kartzelakoan makal hasi zen, eztarria hartuta bezala, eta poto bat egin zuen.
Gero, zortziko txikian Unai Agirrerekin egokitu zen, eta bien artean arratsaldeko ariketarik politenetakoa osatu zuten. Gustura aritu ziren oso, eta eskatutakoa baino bertso bat gehiago ere osatu zuten. Tolosako saiora hurbildu eta une horretan zigarroa erretzera kanpora atera diren bi bertsozaleren ahotik aritu ziren. Biak, bikain. Bazirudien orduan esnatu zela Sarriegi erabat. Ondotik seiko motzean Izagirrerekin ondo aritu zen berriz, baita Iñigo ere.
Hauxe zuten gaia: Azken hauteskundeetako emaitzak ikusita Iñigo itxaropentsu dago, Aitor ez. Hauxe, Sarriegiren hirugarrena: «Gero on baten aiduru/ Madril ez dugu helburu/ baina etxean ere handiak ikusi ditugu/ Bizkaian ikusi dugu PPrekin buruz buru/ eta horiekin konta daiteken enago seguru».
Elustondo, goitik behera
Nerea Elustondok goian hasi zuen saioa. Lehen kartzelakoan, puntuari erantzuten, berak pilatu zuen puntu gehien. Primeran erantzun zituen Saroi Jauregik jarritako hiru puntuak. Gero, zortziko handian ere ondo aritu zen Unai Agirrerekin, aurretik aipatu bezala. Eta hor goitik behera hasi zen. Zortziko txikian Iñigo Izagirrerekin aritu zen eta ez zuten asmatu, ez batak ez besteak. Seiko motzean berriz gora egin zuen eta Irazurekin egindako lanean utzi zituen ale politak. Baina kartzelakoan errematatzea falta izan zitzaion.
Hain justu, Nerea Elustondo eta Unai Agirre izan ziren kartzelatik ateratzen azkenak eta biek kartzelan bere txandaren zain dagoen bertsolariaren papera aukeratu zuten azken kartzelakoan. Agian luzetxo egin zitzaien egonaldia.
Beñat Lizasok saio txukuna egin zuen. Puntuka bikain, zortziko handian bakarka eta zortziko txikian Irazurekin, ondo. Kartzelakoan ere eutsi zion mailari, baina puntu gutxi pilatu zituen azken ariketa honetan. Bere maitea dakarren trenaren zain dagoenaren ahotik abestu zuen. Hauxe, bigarrena: «Nere maiteak hartu zuenez Paristik zetorren trena/ ordubitako hor izango naiz, azaldu zidan aurrena/ ez, ez barkatu atzeratu da bostetan noa hurrena/ horrexegatik nahiz ta luzatu denboraren ahalmena/ erlojuari begira nago ta estu daukat barrena/ holakoetan beti zergaitik pentsatzen degu txarrena».
Azken agurra aitona zenari eskaini zion eta benetan txalotua izan zen, Joxe zenari omenalditxoa beraz. «Azken bertsoa aipatu nahi dut hemen eztagona/ gure etxean bertsoa txertatu zuen pertsona/ ia-ia hitza baino lehen bertsoren bat zeriona/ erantzunean azkarra ta kantari oso ona/ nahiz ta eztedan lortuko zuk lortu zenuen sona/ zuk hasi zendun bidea jarraituz heldu naiz hona/ bide hau hasteagatik eskerrik asko aitona».
Datorren geldialdia, abenduaren 4an, Hernanin.