Maiatzek Borda, Etxamendi eta Mestroten argitalpenekin ospatu du 30. urteurrena
Idoia ERASO | BAIONA
«30 urte dira Maiatz sortu zela eta kontent gara hain luzaz irauteagatik» izan ziren Luzien Etxezarreta elkarteko zuzendariaren hitzak. Azken hiru hamarkadetako lana horrela deskribatu zuen: «Egia da euskarazko argitalpena militantzia eta maitasun istorio bat dela, eta horrela ahalmen handia izan dugu. Horrela segitzea espero dugu».
Urteurrena beste edozein urteren gisan ospatu dute, literatura protagonista duten argitalpenekin. Maiatzen aldizkariaren 53. alearekin batera lau liburu aurkeztu zituzten, Eñaut Etxemendi, Itxaro Borda, Pierre Mestrot eta Bernard Manciet idazleenak.
Eñaut Etxemendik bere «Idazlearen bildumaren» bosgarren eta azken alea aurkeztu zuen. «Beste Etxamendi bat agertzen zaigu hemen, sozial problemak agertzen dituena», azaldu zuen editoreak.
«Elizak, alkoholismoak eta langabeziak min handiak egin dituzte hemen. Zenbat familia izan diren hautsiak apezek egin duten minarendako», salatu zuen Etxemendik liburuko gaiak aipatuz.
Eliza eta apaizen kontrako hitz gogorrak jaurti zituen idazleak: «Badakit nekea dela gauza salatzeko, baina behar da mintzatu horretaz, gaurko gazteek uler dezaten totalitarismo intelektual horrek nola funtzionatzen duen».
Polizia-kontakizuna
Guztiz bestelako liburua da Pierre Mestrotek idatzi duen «Saiaren mendekua». Donapaleutar irakaslearen lehen liburu honek odolez eta misterioz beteriko kontakizun poliziakoa aurkezten du.
«Egun batez egunkarian irakurri nuen saiek animalia biziei erasotzen zietela eta pentsatu nuen, `zergatik ez gizonei?'», esan zuen Mestroten narrazioaren abiapuntuaz.
Itxaro Bordaren «Post mortem scripta volant» lana ere aurkeztu du Maiatzek. Azkenik Bernard Mancieten «Gernikaz erranak» poesia sei hizkuntzara itzulia biltzen duen obra ere argitaratu du.