
Maiatzek Borda, Etxamendi eta Mestroten argitalpenekin ospatu du 30. urteurrena

Idoia ERASO | BAIONA
�30 urte dira Maiatz sortu zela eta kontent gara hain luzaz irauteagatik� izan ziren Luzien Etxezarreta elkarteko zuzendariaren hitzak. Azken hiru hamarkadetako lana horrela deskribatu zuen: �Egia da euskarazko argitalpena militantzia eta maitasun istorio bat dela, eta horrela ahalmen handia izan dugu. Horrela segitzea espero dugu�.
Urteurrena beste edozein urteren gisan ospatu dute, literatura protagonista duten argitalpenekin. Maiatzen aldizkariaren 53. alearekin batera lau liburu aurkeztu zituzten, E�aut Etxemendi, Itxaro Borda, Pierre Mestrot eta Bernard Manciet idazleenak.
E�aut Etxemendik bere �Idazlearen bildumaren� bosgarren eta azken alea aurkeztu zuen. �Beste Etxamendi bat agertzen zaigu hemen, sozial problemak agertzen dituena�, azaldu zuen editoreak.
�Elizak, alkoholismoak eta langabeziak min handiak egin dituzte hemen. Zenbat familia izan diren hautsiak apezek egin duten minarendako�, salatu zuen Etxemendik liburuko gaiak aipatuz.
Eliza eta apaizen kontrako hitz gogorrak jaurti zituen idazleak: �Badakit nekea dela gauza salatzeko, baina behar da mintzatu horretaz, gaurko gazteek uler dezaten totalitarismo intelektual horrek nola funtzionatzen duen�.
Polizia-kontakizuna
Guztiz bestelako liburua da Pierre Mestrotek idatzi duen �Saiaren mendekua�. Donapaleutar irakaslearen lehen liburu honek odolez eta misterioz beteriko kontakizun poliziakoa aurkezten du.
�Egun batez egunkarian irakurri nuen saiek animalia biziei erasotzen zietela eta pentsatu nuen, `zergatik ez gizonei?'�, esan zuen Mestroten narrazioaren abiapuntuaz.
Itxaro Bordaren �Post mortem scripta volant� lana ere aurkeztu du Maiatzek. Azkenik Bernard Mancieten �Gernikaz erranak� poesia sei hizkuntzara itzulia biltzen duen obra ere argitaratu du.