GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Maltzurrak eta ergelak elkarlanean

Kasu honetan, probokazioaren bitartez erdietsi nahiko litzatekeen helburu zentzuzkorik ere ez du inork igartzen

Hamaika aldiz errepikatua da ergelen arriskua maltzurrena baino latzagoa dela dioen aburua. Ez dut ezagutzen, ordea, biak, ergelak eta gaiztoak, elkartzen direnean gertatzen denari buruzko esaerarik. Eta merezi luke. Halakoetan bien ala bien arriskuak biderkatu egiten direla ematen baitu, anabasa ziurtatzeraino.

NATOren estratega burutsuei Afganistan eta Pakistanen arteko mugan iragan larunbatean gertatu zaiena har genezake horren adibide hurbiltzat. Gaiztakeria egunerokoa -eta alde askotarikoa- da han, noski. Mende herena betetzen ari den gerraren maltzurkerietako bat besterik ez da mapetan estatu arteko muga dirudiena baina bertara joandakoan airean marrazturiko lerroa besterik ez dena ihesbide/gordeleku bezala erabiltzea. Txanpon faltsu horren iruntzia dira, bestalde, nazioarteko zuzenbideari trufa eginez mugaz gaindi burututako errepresalia hilgarriak. Eta ez nuke esango batzuei eta besteei berea egiten utzi/laguntzen dienaren pikarokeria desenkusagarriagoa denik. Baina hori dena aspaldikoa da, eta gerrak berak adina iraungo du.

Tentelen protagonismoan datza berritasuna. Aipatu esaera zaharrak aditzera ematen duen eran baboek lorik ere egiten ez dutelako-edo, larunbat goizaldeko ordu txikietan, eguzkia atera baino bastante lehenago, NATOren bi helikopterok Afganistan eta Pakistan arteko muga zeharkatu eta pakistandar armadaren zaintza postu bat suntsitu zuten Mohmand Agentziako mendialde galdu batean dagoen Salalan. Destakamenduak zituen 40 soldaduetatik 24 (komandantea eta kapitaina horien artean) hil eta beste hamahiru zauritu zituen erasoak.

ISAFeko kontulariak «ezbeharra» pakistandarrek eraso zietelako gertatu zela argudiatzen saiatu badira ere, oso bestelako egitatea nabarmentzen du emaitzak. NATOk berak Belgradeko enbaxada txinatarra suntsitu zuenean bezala, errakuntzaren eta probokazioaren arteko aukeraketa egitea geratzen da. Baina kasu honetan, probokazioaren bitartez erdietsi nahiko litzatekeen helburu zentzuzkorik ere ez du inork igartzen. Pakistandarren asalduraren lehen ondorioa izan da Ameriketako Estatu Batuek Balutxistango Shamsiko hegazkin basea (espioitza eta hilketak egiteko darabiltzaten drone-en jarduerarako funtsezkoa) hamabost eguneko epean erabat utz dezaten agintzea. Eta aldi berean, Afganistanen diharduten okupatzaileen hornidura-bide nagusia, Pakistan zeharkatzen duena, buxatzea. Hori guztia, gainera, datorren astelehenean Bonnen Afganistanen etorkizunari buruzko Nazioarteko Konferentzia hastear denean... Bilera horretara ahul eta babesgabe agertu behar zuten pakistandarrek eskerrik beroenak emango dizkiete Salalako memeloei.

Tonto-apustuak irabaztea erraza ez denez, ordea, AEBetako biltzarkide errepublikano batzuei bururatu zaie pakistandar armada behingoz estu hartu eta AEBek ematen dieten laguntza militar oparoa eteteko mehatxua egiteko unea dela. Bejondeiela. Laster plazaratu da Txinako Kanpo Arazoetako Ministerioa, Pakistani onespen eta laguntasun osoa adierazteko. Ulertu nahi/behar duenak uler dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo