Herriaren parte hartzeak onurak baino ez dakartza
Krisiaren ondorioetako bat, mundu osoan gertatu dena, sistema demokratikoaren ahultzea izan da, gobernuek hartu dituzten erabaki gehienak ez baitira izan herritarren mesedetan, merkatuen interesen mesedetan baino, eta, gainera, gobernu horietako askok ez dute jadanik inolako gaitasunik erabakiak hartzeko, nazioarteko instituzioek hartzen baitituzte beraien ordez. Adibide asko daude: Grezia, Italia, Portugal eta Estatu espainola bera, besteren artean. Merkatuak bihurtu dira agintari, eta herritarrak, aldiz, ordaintzaile. Testuinguru honetan, txalotzekoa da herritarrei hitza eta erabakia itzultzeko egiten den edozein ekimen, eta, alde horretatik, aipatzekoa da Bilduko ordezkariek atzo iragarri zuten egitasmoa. Ezkerreko koalizio abertzaleak, herrietako aurrekontuak herritarrek eurek erabakitzeko tresnak indarrean jarriko ditu, udaletan herritarren parte hartzea eta kontuen gardentasuna bultzatuz. Aurrekontuek, gainera, zilegitasun handiagoa eskuratuko dute modu horretan.
Zalantzarik gabe, ekimen positiboa da hauxe, nazioartean eta inguruko beste esparru batzuetan hartu duten bidearekin bat ez datorrena, baina onurak baino ekarriko ez dituena. Izan ere, aurrekontuek finkatzen dute instituzioek egiten duten politika, eta aurrekontu parte hartzaileak berme onena dira politika horiek herriaren beharrei erantzun diezaieten.