GARA > Idatzia > Kultura

Viteri, kalitatezko eskola jende xumeari zabalduz

Pedro de Viteriren izena ospetsua da; ez, ordea, XIX. mendean hainbat gipuzkoarri -jende arruntari, langileei, bai eta neskei ere- hezkuntza ona jasotzeko aukera eman zion pertsona. Bere lau herrikide eta miresle ikertzen aritu dira eta bildutakoa liburu batean kaleratu dute, ondasunak eskolak sortzeko erabili zituen filantropo hau ezagutarazi eta omentzeko.

p046_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Arrasateko zaharrek anitz aipatzen omen dituzte Viteri Eskolak: «Haietan ibilitakoek oso ondo irakurtzen zuten eta onak ziren buruko kalkuluetan ere», oroitzen dute. Horiek ziren, hain zuzen, ikastetxeok ospetsu egin zituzten bi ezaugarri. Badira gehiago, ordea, eta Pedro de Viteri Aranaren lau herrikidek -Ana Isabel Ugalde, Arantza Otaduy, Javier Balanzategi eta Juan Ramon Garai- egin diete argia beren ikerketa lanarekin eta Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin plazaratu duten liburuarekin. Euskaraz eta gaztelaniaz atera dute, «XIX. mendeko euskal-burgesia. Pedro de Viteri Arana. Filantropoa eta eskola-sortzailea» izenburuarekin.

Azterketa horietan zuzendari ibili den Ugaldek azaldu zuenez, zereginak bazuen zailtasunik, hagitz pertsona «diskretua» baitzen Viteri (Arrasate, 1833- Biarritz, 1908), «arrastorik uzten ez zuena». Bestalde, bazen halako gazi-gozo bat liberala ote zen ala ez, eta horren inguruan ere gehiago jakiten saiatu dira, garaia ulertzen eta, horrela, pertsona honen nondik norakoak ere bai.

Arrasateri ez ezik, Gipuzkoako bertze herri ugariri ere -Errenteria, Hondarribia, Pasaia, Irun, Donostia, Aretxabaleta, Hernani eta Urnieta- on handia egin zien familia burgeseko seme honek; izan ere, 60 urte bete zituenean, ondorengorik ez zuenez, gurasoek utzitako ondasun guztiekin gizartearen alde zerbait egitea erabaki zuen Jose Bernabe anaiarekin batera. Emazteak, Celina Wood-ek, babes osoa eman zion, eta alargundu zenean, uko egin zion dama aberats bat bezala bizitzeari, senarraren nahiak ongi bete zitezen. Ikerlariek nabarmendu zutenez, emaztea eta anaia ahantzita gelditu dira pixka bat, baina funtsezkoak izan ziren Pedro de Viterik egindako lanean.

Viteri Arrasateko alkatearengana joan zenean zer egin zezakeen galdezka, honek berehala eman zion erantzuna: eskolak sortzea proposatu zion, maisu-maistrentzako etxe eta marrazketa ikasteko toki eta guzti, industria herria izanik garrantzitsua baitzen langileak prestatzea. Krisi garaiak ziren, tartean greba urte gogor bat izan zen eta kontatzen dutenez, Viteri Parisko bulebarretan, Londresen eta Biarritzen ibili ondotik jaioterrira itzuli zenean negarrez hasi zen.

Ongi hornitutako eskolak

Baina zergatik zen hain garrantzitsua eskolak sortzea? Historialariek ohartarazi zutenez, legeak baziren ahalbidetzeko, dirurik ez, ordea, eraikitzeko eta umeak komentu zahar batean edo bertze edozein lekutan biltzen zituzten. Argi elektrikorik ere ez zuten. Egoera horretan, Viterik eskolak egin zituen, eta ez hori bakarrik: behar zen moduan hornitu zituen eta bertan lan egiten zuten irakasleek ongi irabazten zuten. Ahalegin berezia egin zuen jende xehearengana eta garai hartan hezkuntza apalagoa jasotzen zuten neskengana iristeko. «Ikasleak etortzen ez badira, gu joango gara etxeetara bila», erraten zuen.

Hala eta guztiz ere, jende guztiak ez zituen ongi hartu eskola hauek, fundazioko aginte organoetan ez zuelako kleroko ordezkaririk sartu. Bera frantziar Estatutik zetorren eta han eztabaida hori gaindituta zegoen. Hemen, ordea, hasieran txaloak zirenak kontrako kritika bihurtu ziren. Dena den, historialariek baieztatu zutenez, ukaezina zen Viteri Eskolen kalitatea.

Arrasateko Garibay etxea moldatu, Parisko modako burdinazko eta kristalezko azoka estali bat ekarri, lorategiak egiteko dirua eman... Arrasaten lan ugari egin ondotik, bertze herri batzuetara zabaldu zituen eskolak.

Hezkuntzan egindako ekarpenez ez ezik, familiako giroaz ere jaso dute informazioa ikerlariek. Sendi berezia zuen: aita, Domingo, Legution jaioa, anitz bidaiatutako gizon jantzia zen, indianoa, emaztea baino bi aldiz zaharragoa; ama, Agustina, Arrasatekoa, eta bere ama bertako dendaria zen. Familia honen historia ezagutuz, Euskal Herriaren eta Amerikaren arteko loturak zeintzuk izan ziren eta karlistadek noble eta burgesei nola eragin zieten ikus daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo