GARA > Idatzia > Kultura

Koldo Mitxelena Kulturunea eta Barandiaran Museoa lagunduko ditu Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako Aldundiak diru laguntza emango dio Ataungo Udalari Barandiaran Museoko obretarako, eta bestetik, Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegiko funtsak katalogatzeko zerbitzuak esleituko ditu.

GARA | DONOSTIA

Gipuzkoako Aldundiko Diputatu Kontseiluak Kultura Departamentuarekin bi erabaki hartu zituen atzo egindako bileran. Alde batetik, Ataungo Joxe Miel Barandiaran museoko obren azken fasea burutzeko diru laguntza emango dio Udalari. Eta, bestetik, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegiko funtsak katalogatzeko zerbitzuak esleituko ditu.

2007. urtean, Gipuzkoako Aldundiak 300.000 euroko diru laguntza eman zion Ataungo Udalari, Larruntza eta Errotatxo errotak egokitzeko eta bertan Barandiaran Museoa kokatzeko. Aipatutako bi errotak txikiak direnez, 2010. urtean Ataungo Udalak Bikario Etxea eskuratu eta egokitzeari ekin zion, natur interpretazio gune bat jartzeaz gain, Barandiaran Museoaren tailerrak bertan kokatzeko. Obra nagusiak eginda daude jada, eta orain Aldundiaren laguntza ekonomikoa eskatu du Udalak lanak bukatzeko. Diputatu Kontseiluaren ustez, diru laguntza emateko interes publikoko arrazoiak daudenez, Ataungo Udalari 49.364,17 euroko laguntza ematea erabaki du, zuzenean aipatu obrak finantzatzen laguntze aldera.

Izan ere, Joxe Miel Barandiaran Museoa erabat txertatu da 2010ean martxan jarritako Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioan eta, bereziki, Lizarrusti parketxearen kudeaketaren eta edukien osagarri bihurtu da. Beraz, Barandiaranen garrantzi historikoa eta dimentsioa erakusteko erakusleiho garrantzitsua osatu da.

Bestetik, Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegiak duen fondoa katalogatzeko eta sailkatzeko zerbitzuen kontratazio espedientea onartzea erabaki du Aldundiak. Hala, kontratua esleitzeko irizpide anitzeko prozedura irekia abiatzea onartu du Kontseiluak eta kontratazio hori arautuko duten baldintza administratibo bereziak eta ezaugarri teknikoak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratuko dira.

Kontratazio honen hasierako epealdia bi urteko izango da, eta gehienezko aurrekontua 319.978 eurokoa da (271.168 euro gehi 48.810 euroko BEZa), urteko 159.989 euro (BEZa barne) eta kontratua beste bi urtez luzatzeko aukera ere izango da.

Halaber, Diputatu Kontseiluak Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuari ahalmena eman dio, lizitazioko tramiteak egin ondoren kontratua esleitzeko, formalizatzeko eta, hala balegokio, luzatzeko, eta kontratua zehatz-mehatz betetzeko komeni dena egiteko, erabakitzeko edo ebazteko.

KONTRATUA

Koldo Mitxelena Kulturuneko fondoa katalogatzeko zerbitzuen kontratazioa Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuak esleituko du, baita horretarako egin beharreko tramitazio eta baldintza guztiak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo