GARA > Idatzia > Kultura

«Sekretuen lapurrak», antzerkigintza txikitatik lantzen laguntzeko liburua

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Durangoko liburu eta disko azoka iristear dagoela, argitaletxeek azken aurkezpenak egiten ari dira egun hauetan. Antzerki liburu bat, animaliei buruzko ipuin bat eta itzulpen bat aurkeztu zituen atzo Ereinek.

«Sekretuen lapurrak» Antzoki Txikia bildumako ale berri bat da. Alaitz Olaizolak idatzitako antzerki liburuxka hau 7 eta 10 urte bitarteko haurrentzat pentsatu eta idatzitako istorio fantastikoa da. Euskal Herrian dagoen zuhaitz batek enborrean zulo bat du, sekretuen zuloa, alegia, eta basoan barneratzen direnen sekretuak jasotzen ditu, baina hiru lapurrek sekretu horiek lapurtu nahi dituzte. Hala ere, baso horretan badira zuhaitza milaka urtetan babestu duten gizaki batzuk, Anbotoko dama eta galtzagorriak.

Antzezlana hamasei lagunentzat prestatu den arren, Olaizolak azaldu zuenez, parte hartzaile gehiago ere har ditzake lanak, beharren arabera.

Beste aldetik, Jon Eugik «Animaliakeriak» liburuxka aurkeztu zuen atzo. «Ez da fabula bat. Animalien ezaugarriak modu literarioan azaldu ditut», azaldu zuen Eugik. Istorioa baserri batean gertatzen da eta protagonista irudimen handiko ume bat da, Bertold izenekoa. Baserriko behiak esne urdina emango du egun batean eta hori izango da Bertolden irudimena piztuko duen gertakaria. Hala, animalien ezaugarriei azalpena bilatzen saiatuko da eta sator, zebra, dortokak eta saguzarrak izango dira, besteak beste, azterturiko animaliak.

Azkenik, J. Perez-Foncearen «Iban Aldenurikoa» itzulpena aurkeztu zuten. Fantasiazko eleberria da eta protagonista Iban da, 12 urteko gaztetxo bat, bere herria murgilduta dagoen borrokan aritu beharko dena. Bilduma luzeago baten lehen alea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo