GARA > Idatzia > Euskal Herria

Madrilera eskakizun zehatzak helarazteko eskatu dio Etxeratek Arartekoari

Gobernu espainolari eta Espetxe Zuzendaritzari eskakizun zehatzak helarazteko eskatu zion atzo Etxeratek Arartekoari, Donostian izandako bileran. Iñigo Lamarcak berak Madrilen eskumenik ez duela ohartarazi arren, kezkak igortzen «ahaleginduko» dela erantzun zuen.

p012_f02.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Euskal preso politikoen egoeraz eta espetxe politikaz mintzatu ostean, eskakizun zehatzak egin zizkion Etxeratek Arartekoari atzo, Donostian elkarrekin izan zuten bileran. Ordubete iraun zuen bilkuran, Gobernu espainolari eta Espetxe Zuzendaritzari eskaera zehatzak helarazteko eskatu zioten presoen senideek Iñigo Lamarcari. Mattin Troitiñorekin batera, Josune Dorronsoro, Jose Mari Dorronsoro presoaren arreba, eta Joseba Martin, Txus Martin preso basauriarraren anaia izan ziren.

Lehenik eta behin, presoei urteetan ezarritako «espetxe politika kriminala» aldatzeko eskaera egiteko eskatu zioten, alegia, «eskubideak bermatzen dituen errealitatera egokitzea», zehaztu zuen Troitiñok.

Halaber, sakabanaketa amaiarazteko -egun, 700 dira Estatu espainoleko eta frantseseko kartzeletan dauden presoak-, eta 197/2006 dotrina bertan behera uzteko eskaerak ere Madrilera eramateko eskatu zioten Lamarcari. Horrenbestez, «zigorra betea duten gure senideak baldintzarik gabe» aske utzi behar dituztela erantsi zuen, baita zigorraren hiru laurdenak eta bi herenak beteak dituztenak ere.

Testuinguru honetan, Lamarcak adierazi zien ez direla Arartekoaren eskumena ez Madrilgo Gobernua, ezta Espetxe Zuzendaritza ere, baina Troitiñoren esanetan, baieztatu zien «aurrerantzean, ahaleginduko dela kezka horiek guztiak helarazten».

Etxeraten iritziz, «Arartekoa EAEko erakundea den neurrian zeresan handia du» afera honetan eta, horregatik, «konpromisoa eta arduraz jokatzeko» eskatu zioten senideek.

Hain zuzen ere, ardura horren baitan kokatzen da, Etxeraten ustez, Arartekoak «jendaurrean presoen inguruan egin beharko lukeen balorazioa, eskubideak bermatze aldera emango dituen urratsak zeintzuk izango diren argitzeko».

Gaixorik daudenen defentsan

Euskal Herriko kaleetan etengabe errepikatzen den eskakizuna egin zuen Etxeratek, beste behin ere, alegia, euskal presoak gertuko espetxeetara hurbildu eta gaixorik daudenak aske utz ditzatela.

Gotzone Lopez de Luzuriaga presoa larriki gaixo dago, eta zigorra orain dela urtebete bete bazuen ere, espetxean da Aguraingo bizilaguna. Bere eskubideak defendatzeko, larunbatean, 13.00etan, kontzentrazioa egingo dute herrian «Presoak beren eskubideen jabe, Gotzone etxera orain!» lelopean. Topalekua Urzabal eta Entzia kaleen izkinan izango da.

Bestetik, ostiralean, 18.30ean, Gaixo Larriak-Biguri Askatu herri plataformak agerraldia egingo du Aiaran, Jose Angel Biguriren egoeraz mintzatzeko. Larriki gaixorik dago eta zigorra bete duen arren -22 urte-, kartzelan jarraitzen du 1977/2006 dotrinapean.

ATE BERRIAK

Gobernu espainol berria osatzear dagoen arren, Etxeraten iritziz, testuinguruak ez du eragin berezirik izango, «presoen eskubideen bermea horren gainetik baitago». Hala ere, «ate berriak» ireki daitezkeela iritzi zuen Troitiñok.

hurrengo bilera

Data zehatzik ez dagoen arren, bi hilabeteren buruan beste bilera bat izango dute Etxeratek eta Arartekoak. Nafarroan oraingoz ez dute horrelakorik egitea aurreikusita, baina presoen senideek ez dute aukera hori baztertzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo