GARA > Idatzia > Kultura

Elkarren Xaguxar bildumak itxura aldatu du hogei urte betetzeko

Xaguxar bildumak hogei urte bete ditu jada, eta ondorioz, itxura aldatu diote. Marrazki gehiago eta maketazio ezberdina izango du hemendik aurrera. Berrikuntza hori ospatzeko lau liburu kaleratu ditu Elkarrek.

p047_f01_148x088.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Haur literaturan marrazkiak gero eta garrantzi handiagoa jasotzen ari da denboraren poderioz. Noski teknologiak aurrera doaz eta liburu bat gozatzeko aukerak ere zabaltzen doaz. Hori dela-eta, Elkarrek bere Xaguxar bilduma mitikoa berritu du, itxura aldatu dio gaur egungo haurrei erakargarriagoa bihurtzeko. Portadak ezberdinak izango dira hemendik aurrera eta liburu barruan ere marrazki gehiago topatu ahal izango dira.

Lau liburuetako batek «Irribarrea zabaltzeko ipuinak» du izena eta Juan Kruz Igerabide eta Jokin Mitxelena dira autoreak. «Umore arina du, ez algarakoa», azaldu zuen Igerabidek, baina, «istorioaren azpian gizarte kritika txiki bat dago», gehitu zuen.

Gainera, Igerabidek azaldu zuenez, egile eskubideak Etiopia-Utopia fundazioari emango dizkio asko gustatzen baitzaio Etiopian duten proiektua, eta han ere irribarreak sortzeko beharra dagoelako.

Marrazkiak Jokin Mitxelenak egin ditu, eta atzo esan zuenez, «tarteka iristen da zuretzako egindako perlatxo bat. Hau horietako bat da».

Juan Luis Zabalak eta Maite Gurrutxagak «Zabaleko txorimaloa» izeneko ipuina sortu dute. Liburuxka honetan maitasuna eta adiskidetasuna lantzen dira. Ikerrek Maiderrekiko duen maitasuna eta Ikerren eta txorimalo baten arteko adiskidetasuna, alegia. «Oso ipuin sentikorra da», esan zuen Maite Gurrutxagak, marrazkien egileak.

Herabe izateak sortzen dituen zailtasun eta arazoak ere lantzen ditu Zabalak, berari haurtzaroan zailtasun handiak sortu baitzizkion. Hala, herabetasun horren ondorioz, Iker txorimaloarengana joango da eta harreman bat sortuko da bien artean.

Gurrutxaga izan da marrazkilaria kasu honetan. «Irudi asko sartu behar ziren ipuinean eta istorioan ondo sakontzeko aprobetxatu dut», azaldu zuen.

Aitaren presentzia

Julen Gabiriak gizarteak aitaren paperari dion estima lantzen du «Nire aita ikusezina da» liburuan, Patxi Gallegoren marrazkiekin. Berak aita izandakoan sufritu zuen ikusezintasun horrek sortutako frustrazioak liburuxka honetan islatu ditu, umore kutsua hartuta betiere. «Esperientzia desdramatizatu behar da», esan zuen Gabiriak. «Umorez hartu dugu, baina atzean badu beste irakurketa bat. Ez gizarteak ez gizonek ez dakitela gizontasun edo gizonkeria praktikatu behar duten, alegia».

Azkenik, Xabier Mendiguren Elizegik eta Aitziber Akerretak «Motozerra» ipuina aurkeztu zuten atzo. Hau literaturan ohikoa izaten ez den genero bat landu dute oraingoan, beldurrezko ipuina baita «Motozerra».

Izenburua «Sarraskia Texasen» filmari egindako omenaldi txiki bat da eta irudiak ere klasikotasun horri jarraiki egin ditu Akerretak. «Klasiko bat ikusi nuen eta horregatik egin ditut zuri-beltzean», azaldu zuen. «Ordu askotako marrazkiak dira, oso gozagarriak izan dira niretzat», gehitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo