GARA > Idatzia > Kultura

Bidegurutzean topo egin eta «laborategiko» diskoa sortu dute Igor Arzuagak eta Luis Vilek

«Mara-mara» disko eklektikoa sortu dute Igor Arzuagak eta Luis Vilek. Ibilbide «antagonikoko» bi musikari arabarrok, babarrun potoak, iltze kutxak eta ateak ohiko instrumentuekin uztartu dituzte.

p049_f01_147x96.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Barregura eragiten die pentsatzeak orain arte, urte luzeetan zehar, ez diotela elkarri kasurik ere egin. Igor Arzuagak eta Luis Vilek ibilbide zeharo ezberdinak jorratu dituzte musikan, baina bazuten elkarren berri. Exkixun eta Mikel Urdangarinen lehen diskoetan aritu zen Arzuaga. Vilek, berriz, hardcore eta punk taldeetan jo izan du, Ironic Cancer Phobia, Triturbo eta Drellas taldeetan, esaterako.

Lehen aldiz «Flores de papel» film laburrean egin zuten topo, Vilek zuzendu zuen eta uste baino zaletasun gehiagok batzen zituztela konturatu ziren. Hortik sortu zen elkarrekin zerbait egiteko ideia, «tradizioaren eta abangoardiaren arteko nahasketa bat, soinu primitibo baten bila», Vilen esanetan, eta horrela sortu da «Mara-mara» (Gaztelupeko hotsak) diskoa, Arzuaga laudioarraren Mara alter egoa oinarri duena baina «fifty-fifty» landu dutena.

«Ilusio handiarekin jorratu dut hirugarren disko hau», aitortu zuen Arzuagak. «Abesti bakoitzak bere tratamendua eduki du, ezberdina. Disko eklektikoa dela esango nuke, kantu bakoitzak bere nortasuna dauka», azaldu zuen. Berak egin ditu hitzak eta doinuak, pianoak lagunduta, eta gero Vili pasatu dizkio. «Bueltan kristoren harridura sortzen zidaten kantuek, askotan segundo batzuk pasa arte ez nekien zein kantu zen. Oso polita izan da niretzat eta pentsatzen dut hori entzuleak ere nabarituko duela».

Kantu ezberdinak bai, baina Vilek bikotearen estiloa bilakatu dena lortu duela esan zuen Arzuagak. Izan ere, Vil ekoizpenarekin jolastu da, zentzurik zabalenean jolastu ere. «Soinuaren legeak apurtzen saiatu naiz, Tom Waitsen eskolari jarraituz nolabait». Horretarako, bateria erabili beharrean, ate-kolpeak grabatu ditu, txosnetako edalontziak mahaiaren kontra kolpekatu, disolbatzaile potoak, babarrun latak, iltzez beteriko kutxak... «Badakigu ez dugula ezer berria sortu, baina euskaraz abestuta oso gutxi entzun da horrelakorik».

Kantuen egiturari dagokionez, denetarik dago. «Igor klasikoaren mundutik dator eta hortik aldentzen saiatu naiz», esan zuen amurrioarrak. «Soinua berbideratu egin dut, eta berak dakiena baino `gutxiago' jotzen ikasi behar izan du».

Pasodobleak, country-folk kutsuz jantzitako melodiak, tangoak, western kantuak, pop-rock gitarreroak nahiz kabareteroak, guztiek dute tokia «Mara-mara» lanean. Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko, igande honetan Durangoko Ahotsenean izango dira, ordu bi eta erdietan. Bikote moduan aurkeztuko dute zuzenekoa eta, urtarriletik aurrera, bandak lagunduta arituko dira.

SOINU BANDA

Westerna, kabareta, pianoa, rock-a, pop-a... Denetarik jorratu dute hamabi kantuz osatutako disko honetan. «Kantuak oso zinematografikoak dira», esan zuen Luis Vilek.

KLASIKOTIK ALDENDUZ

Arzuagaren formakuntza klasikoa «birbideratu» egin duela azaldu zuen Vilek. «Bere kantuek sekulako konplexutasuna dute musikalki. Nik xumeagoak bihurtu nituen, nire terrenora eraman nituen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo