GARA > Idatzia > Kirolak> Real Sociedad

Realak eta Eibarrek Alberto Ormaetxearen omenezko partida jokatuko dute gaur Ipuruan

Proba gehiago, festa giroan

Philippe Montanierrek Ligan minutu gutxien dituzten jokalariak erabiliko ditu, harrobiko bederatzi gazte txuri-urdin tartean direla.

p036_f01_199x136.jpg

Imanol CARRILLO

Denboraldi betean futbol talde batean probak egin beharrak zentzugabekeria dirudi. Eta are gehiago, Realean, non hainbat eta hainbat kritika jasotzen ari den Philippe Montanier entrenatzailea arrazoi horrengatik. Hala ere, gaurkoa bezalako neurketa bat aprobetxatu behar da aipatutako esperimentu horiek egiten jarraitzeko. Izan ere, Eibarrek eta Realak Alberto Ormaetxea Memorialaren bosgarren edizioa jokatuko dute, 18.00etan (ETB-1) Ipuruan.

Asteburuan ez dago atsedenik Lehen eta Bigarren B mailetan, eta igandean Betisen aurka jokatzeko Sevillaraino joan-etorriko bidaia egin eta gero, gaurkoa esfortzu handiegia izan zitekeen txuri-urdinentzat, ez baitaude ohituta astean hiru partida jokatzen. Horregatik, minutu gutxien duten jokalariak arituko dira, eta lesioren batetik atera berriak, sasoi onera itzultzeko.

Hala, Philippe Montanierrek 21 gizon -harrobiko bederatzi jokalari tartean daudela- eramango ditu Eibarrera: Toño Ramirez eta Zubikarai atezainak; Ansotegi, Demidov, Zaldua, Etxabeguren, Plaza, Gaztañaga, Morgado eta Castañeda atzelariak; Elustondo, Sarpong, Mariga, Pardo, Ros, Hervias eta Sangalli erdilariak; eta Ifran, Llorente, Iker Hernandez eta Iñigo Rodriguez aurrelariak.

Alberto Ormaetxea Memoriala jokatu behar ez duten jokalariak, aldiz, gaur goizean entrenatuko dira Zubietan, 11.30ean. Euren artean arituko da Elustondo ere, eta ondoren Eibarrera joan beharko du jokatzera.

Eibarri dagokionez, Javier Mandiolak zuzentzen duen taldeak atsedena izan zuen atzo. Honek ere igandean jokatu zuen bere azken neurketa, Gimnasticaren aurka, eta 2-1 irabaztea lortu zuen. Gipuzkoarrak oso denboraldi txukuna egiten ari dira. Bigarren B mailako bigarren taldeko hirugarren sailkatuak dira, bigarren den Real Unionekin 27 punturekin berdinduta. Alaves laugarren da, bi puntu atzetik.

Manix-ek ez zuen deialdiaren berri eman atzokoan, baina baliteke jokatzeko prest dauden jokalari guztiek minutuak izatea.

Realeko entrenatzaile izan zenaren omenezko partida hau udaran jokatzen da normalean, baina, agenda arazoak zirela-eta, gaurko, San Andres egunerako, atzeratzea erabaki zuten.

Golegileak protagonista

Realaren atzoko saioari dagokionez, Montanierrek Malagaren aurkako neurketarako lesionaturik jarraitzen duten gizonen bilakaeraren zain jarraitzen du.

Bestalde, Betisen aurkako partidan golegile izandako Iñigo Martinezek eta Carlos Velak hitz batzuk eskaini zituzten Real Sociedad TV-rako. Ondarroako atzelariak sekulako gola sartu zuen zelai erditik eta, adierazi zuenez, «atean sartu zen arte ez nuen baloia ikusi, ni nengoen tokitik ez baitzen ia ezer ikusten; eta langan jotzean, are gutxiago. Barruan zegoela ikusterakoan, partida batean sartzen genuen azken gola izango balitz bezala ospatu genuen».

Aurrelari mexikarraren gola, aldiz, aurtengo lehena zen: «Polita da, lehena besteak baino zailagoa delako. Momentu hau iristeko gogotsu nengoen. Gainera, garaipena lortu genuen».

goizeko saioa

Eibarren aurkako neurketan jokatu behar ez duten jokalariak 11.30etik aurrera entrenatuko dira Zubietan. Horien artean ibiliko da Gorka Elustondo, nahiz eta arratsaldean Ipuruan arituko den beste hogei txuri-urdinekin batera.

gabonak realarekin

«Gabonak Realarekin» ekintza hastera doa. Gaur, arratsaldetik aurrera, 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek webgunearen bitartez eman ahal izango dute izena abenduaren 26tik 30era bitartean ospatuko den ekitaldirako.

Toulalan erdilariak ezin izango du Anoetan jokatu

Realak Malagaren bisita izango du datorren igandean, arratsaldeko lauretan Anoetan. Andaluziarrak sailkapeneko bosgarren tokian dira, iragan astelehenean Villarrealen aurka 2-1 irabazi eta gero. Malagak fitxaketa garrantzitsuak eta batez ere garestiak egin ditu Al Thani xekeak taldea erosi zuenetik. Helburua, nola ez, Lehen Mailako goiko postuetan egotea da.

Nahiz eta momentu honetan Europa Leagueko postuetan egon -Championsekoetatik hiru puntura dago-, Malagak ez du inolako erregulartasunik erakutsi denboraldiko lehen hamahiru jardunaldietan. Ziur aski, Villarrealen aurka irabazteak indarra eman die andaluziarrei, baina zelai-erdiko gizon garrantzitsu baten falta izango dute Realaren aurkakoan. Izan ere, Jeremy Toulalan frantsesak txartel gorria ikusi zuen azken neurketan, eta ezin izango du Donostian jokatu. Erdilariak orain arteko neurketa guztiak jokatu ditu, eta astelehenean denboraldiko lehen gola sartu zuen.

Malagaren gaurkotasunari dagokionez, jokalariek atsedena eduki zuten atzo, baina gaur saio bikoitza izango dute. Goizean La Rosaledan entrenatuko dira, eta arratsaldean, 19.30ean, XI. Mateo David Bautista Memoriala jokatuko dute Xerezen aurka, Nerjako Enrique Lopez Cuenca zelaian. Manuel Pellegrinik ere probak egin ahal izango ditu lagunarteko partida honetan, Anoetarako jokalariak erreserbatzeko. I. C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo