GARA > Idatzia > Mundua

Azken hamabost urteetan biltzen dira hamahiru urte beroenak

Munduko Meteorologia Erakundeak bere azken txostenaren aurkezpenean, 1850etik aurrera hamahiru urte beroenak azken hamabost urteetan izan direla eta 2011. urtea hamargarren beroena izan dela adierazi zuen, Durbanen egiten ari diren klimaren inguruko goi-bileran. Horrez gain, aurten, «la Niña» izeneko fenomenoa gertatu izanak datuak are larriagoak bilakatzen ditu, gertakari horrek, berez, tenperaturak jaitsi egiten baititu.

p018_f00-250X120.jpg

GARA | DURBAN

Munduko Meteorologia Erakundeak orain arteko hamahiru urte beroenak azken hamabost urteetan, 1997tik, biltzen direla agertu zuen atzo hedatutako txosten batean. 2011. urtea hamargarren beroena da. Datu hauek 1850etik aurrerakoak dira, ordura arte halako azterketarik ez baitzen egiten.

Erakundeak klimaren inguruko nazioarteko goi bileran atzo aurkeztu zuen urteroko deklarazioaren zirriborroko ondorio esanguratsuena da honakoa. Behin-behineko kalkuluen arabera, 2011. urtean zehar -urtarrila eta urria bitarte- itsasoaren eta lurraren gainazaleko airearen tenperatura 1961-1990 garaiaren urteroko batez bestekoa baino 0,41 gradu goragokoa izan da. Horrek argi uzten du, erakundearen arabera, «hau hamargarren urte beroena» dela, erregistroak hasi zirenetik zenbatuta, 1850etik.

Gainera, aurtengo tenperaturak, «La Niña» fenomenoaren -tenperaturen beheranzko joera ekarri ohi duena- eragina izan zuten aurreko urteekin alderatuz, altuagoak dira.

Horrez gain, 2002-2011 denboraldiak orain arte erregistratutako hamarkada beroena berdindu du -2001-2010-, 0,46 graduko tenperatura igoera izanda.

Txostenak, horrez gain, berotegi efektua sortzen duten gasen pilaketak atmosferan maximo berriak lortu dituela eta munduko tenperaturaren batez bestekoan bi gradutik 2,4 gradura igo daitekeela ohartarazten du.

Datu hauek esku artean zituela, Jeremiah Lengoasa, Munduko Meteorologia Erakundeko idazkariordeak, klima aldaketa «erreala» dela eta «tenperaturak gora egingo» duela adierazi zien bertan bilduta dauden ordezkariei, txostenaren zirriborroa aurkeztean. Galdeketa baten ondorioak oinarritzat hartuta -laurogei herrialdeko datuak zituena-, %95ek tarte beroenak 2001-2010 denboraldian izan zituztela frogatu eta honek «munduko gero eta eremu gehiago» tenperaturen aldaketa jasaten ari direla adierazi zuen Lengoasak.

Bestalde, Michel Jarraud idazkari nagusiak meteorologia erakundea defendatu zuen, euren lana «erabakiak hartu behar dituzten horiei laguntzeko asmoz» ezagutza zientifikoak eskaintzea dela eta euren zientzia «sendoa» dela argudiatuz. «Zalantzarik gabe» munduaren berotzea eta tenperaturaren gorakada gizakiaren jardunaren ondorio dela era gaineratu zuen.

Aurkeztutako zirriborroaren bertsio osatua, datorren martxoan argitaratuko dute, azaroko eta abenduko tenperaturen bilakabidea jaso ostean. Bertan jasoko den informazioa lortzeko ikerketa klima ikertzeko zentroetatik eratorritako datuetan, itsasontzien, buien eta sateliteen bidez bildutakoetan oinarritzen da.

Aurreko urtean, 2010ean marka hautsi ondoren, urte hau freskoagoa da, baina hala ere, «hamargarren beroena» dela ziurtatu zuen erakundeak.

AEB-AK

Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, aurten muturreko baldintza klimatikoen segida jasan dute estatubatuarrek, uholde eta lehorteekin, mila milioi dolarreko galera sortu dutenak.

«LA NIÑA»

«La Niña» fenomenoa suertatzen den urteetan tenperatura 0,10 eta 0,15 gradu beherago geratu ohi da. Hori kontuan izanda, 2011ko datuak aurreko urteekin alderatuz gero, tenperatura gorago dagoela nabaria da.

Asiaren jarrera bitan banandu dute Txinak eta Japoniak

Durbango goi-bilerara posizio zatituarekin iritsi da Asia. Batetik, garapen bidean diren herrialdeak; eta bestetik, herrialde garatuak.

Garapen bidean diren herrialdeen artean, Txinak eta Indiak -berotegi efektua sortzen duten gas emisioei dagokienez gehien isurtzen dutenen artean lehen eta hirugarren postuak betetzen dituztenak- klima aldaketaren ardura herrialde garatuena dela uste dute eta arazoa konpontzeko ahalegin handiagoa egin behar luketela, akordio lotesleen bidez. Hori dela eta, bi nazio hauek Kyotoko Protokoloa luzatzearekin bat datoz, bertan, isuriak gutxitzeko neurriak betetzera herrialde garatuak soilik behartzen dituztelako.

Beste aldean, kontrako jarreraz, Japonia aurkitzen da, berotegi efektuko gasen isurketan bosgarren postua duena. Bere posizioa argia da, ez du protokoloaren luzapenik izenpetuko. Akordio berri, justu eta eraginkor bat eskatzen du Estatuak, garapen bidean diren herrialdeak ere inplikatuko dituena. Horren truke, garapen bidean diren herrialdeetan klima aldaketaren eraginak arintzeko finantziazioarekin jarraituko duela agindu du. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo