GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskararen Nazioarteko Eguna, ofizialtasuna aldarrikatzeko egun bat... gehiago

Gaur Euskararen Nazioarteko Eguna da. Euskara omentzeko eguna. Hori baino ez zenbaitentzat. Atzo ere izan ziren hura omentzeko ekitaldi ofizialak. Gasteizko Parlamentuan «Linguae Vasconum Primitiae» liburuaren faksimilearen aurkezpenean, Parlamentu horretako presidente Arantza Quirogak esan zuen abenduaren 3a «gure ondare historiko eta kulturala hedatzen» jarraitzeko eguna dela. Izan ere, horretarako eguna ere bada; hala ere, euskarak ez du egun bateko omenaldi ofizialik behar, eta benetan omendu nahi badute, ofizialtasun osoa eta haren ondorio guztiak indarrean jartzea litzateke euskarari egin lekiokeen omenaldirik onena. Ez Europako hizkuntzarik zaharrena delako; berriena balitz ere, euskal hiztunek gainerakoek dituzten eskubide berberak dituztelako baizik. Horregatik gaur eta urteko egun guztietan jasotzen duen omenaldia euskaltzaleena da, erabateko ofizialtasunaren alde borrokatzen diren erakunde eta gizabanakoena, eguneroko oztopo ugariei aurre eginez euskaraz bizitzen saiatzen direnena, ikasten dutenena eta euskaraz jakin gabe ere nahi duena euskaraz bizi ahal izan dadin ahalegintzen direnena. Horiena bai, omenaldi eder eta beharrezkoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo