Irak uzteko azken urratsa eman dute AEBek «Camp Victory» entregatuz
«Camp Victory» base militarra entregatu zieten atzo AEBek Irakeko agintariei. Armada estatubatuarrak Bagdaden duen baserik handiena da. Saddam Husseinen garaiko hainbat jauregi ditu barruan, baita espetxe bat ere. Iraketik ateratzeko azken urratsa da entrega hau.
GARA | WASHINGTON
Hilabete eskas falta zaie Ameriketako Estatu Batuei Iraketik ateratzeko. Azken txanpan sartuta, «Victory Camp» base militarra eman zieten atzo Irakeko agintariei. Armada estatubatuarrak Bagdaden duen baserik handiena da. Saddam Husseinen garaiko hainbat jauregi eta espetxe bat ditu barruan.
Hiriburuko kanpoaldean kokatuta, ia 100.000 pertsona bizi dira bertan. AEBetako Armadako historialari Jerry Brooksek duela gutxi eman zituen datuen arabera, 42.000 soldadu eta enpresa pribatuetako 65.000tik gora langile bizi dira basean.
AEBetako ohiko herri baten itxura du. Aurrefabrikatutako etxeak ditu, baita supermerkatuak, etorbideak, laku bat eta otordu lasterreko jatetxeak ere
Armadako goi karguak 2.300 metro karratuko eta hogei logela dituen Al-Ez jauregian bizi ziren. 1994an eraiki zuen Saddam Husseinek lakuaren alboan. Jordaniako Hussein erregearen gustukoena zen.
«Victory Camp» basean ere Al-Fao jauregia dago. 42.000 metro karratu eta 62 logela ditu. Marmolezko zorua, lanpara handiak eta luxuzko altzariak ditu. Bertan kokatuta zeuden AEBetako Armadaren eta koalizioaren egoitza nagusiak. Palazioaren hall-a ospakizunetarako eta hitzaldiak emateko erabili izan dute. Azken agerraldia pasa den ostegunean egin zuten. AEBetako presidenteordeak, Joe Bidenek, soldadu estatubatuarrak eta irakiarrak omendu zituen. Irakeko agintari esanguratsuenak gonbidatu zituen. Jauregia Husseinen «diru-gosea»ren sinboloa zela esan zuen. Bi herrialdeetako soldaduak bertan ikusteaz pozten zela nabarmendu zuen. «Iraken alde sakrifikatu dira biak», adierazi zuen.
«Victory Camp» basearen entrega Iraketik ateratzeko azken urratsa da. Hil honen bukaeran utziko dute Irak soldadu estatubatuarrek, Washingtonek eta Bagdadek 2008an hitzartutakoaren arabera.
«Victory Camp ez dago jada estatubatuarren kontrolpean. Hemendik aurrera, Irakeko Gobernuaren esku egongo da», adierazi zuen Barry Johnson koronelak, botere aldaketa ziurtatzen duten agiriak sinatutakoan.
«Victory Camp» basea hiri baten antzekoa da. Bederatzi jauregi daude bertan, baita kartzela bat ere. Saddam Hussein bera eta haren lehengusua Ali Hassam al-Majid han egon ziren preso, hil zituzten arte.