Kartzelako bizitza «Bakarmortuko kronikak» liburuan islatu du Mikel Antza espetxeratuak
«Bakarmortuko kronikak» Estatu frantseseko espetxe sistemaren tratamendu krudelaren ondorio dela esan daiteke. Mikel Antzak bertan bizi izandako sentimendu eta egoerak deskribatzen ditu liburuan.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Mikel Antza 2004an atxilotu zuten bere emazte Marixol Iparragirrerekin eta semearekin zegoela Bearnon. Segidan Estatu frantseseko kartzela batera eraman eta bakartze moduluan eduki zuten lau hilabetez. Egoera berri eta latz horretan zegoela, bizirik jarraitzeko modu bakarra idazten hastea zela ohartu zen Antza eta halaxe idatzi zituen «Bakarmortuko kronikak» liburuan bildu diren testuak.
Testuak 2004. eta 2005. urteen artean idatzi zituen Antzak, koaderno batzuetan. Idazki horiek Ataramiñe argitaletxe eta kultur elkarteak jaso zituen familiakideen eskuetatik, eta jaso zituzten bezala kaleratu dituzte, zuzenketa ortografikoak bakarrik eginez.
«Kartzelako errealitatea ageri da. Testu laburrekin kartzelako irudi orokor bat egiten du», azaldu zuen atzo aurkezpen ekitaldian Mitxel Sarasketak, Ataramiñeko editore eta preso ohiak. Hala ere, Antzak hainbat bizipen kanpoan utzi zituela ere azaldu zuen Sarasketak, «une gogorrenetan idazteko ere ez baitzuen indarrik eduki».
Ez dago edertasunik, ez literaturarik liburuan, bere buruarentzako idatzi zituen bertsoez gain, behintzat. Ez dago narraziorik, deskribapena baita guztia, bizitako eta sentitutako guztiaren deskribapena. Pertsonaiarik ere ez da ageri, eta «inoiz baino pertsonagoa da protagonista», esan zuen Jon Benito idazleak.
Biziraupena
«Testua irakurtzean ohartzen zara zein garrantzitsua den idaztea protagonistarentzat, biziraupeneko kontua da», gehitu zuen Benitok.
Bestalde, Oier Gonzalez ere izan zen ekitaldian, hau ere Ataramiñeko editore eta preso ohia. «Koaderno eta kronika hauek irakurtzean sentimendu gazi-gozo bat sortu zait; gozoa barrukoa erakusten duelako. Izan ere, espetxea zer den espetxean dagoenak bakarrik daki, bertan sentitzen diren gauzak oso intimoak dira eta zailak dira transmititzen. Baina Mikelek sentimendu horiek transmititzea lortu du», esan zuen Gonzalezek.
Kronika hauek «gotorlekutik» ateratzeko bidea izan dira Antzarentzat. Gonzalezek azaldu zuenez, Antzari bidalitako gutun batean espetxeratuta egondako aldian bihotza gogortzeko edo gotorleku batean gordetzeko beharra sentitu zuela idatzi zion berak, baina Antzak ez zion arrazoia eman bere erantzunetan. Antzak noizean behin gotorleku horretatik ateratzea beharrezkoa dela uste du, eta kronika hauetan irten egiten da.
«Bakarmortuko kronikak» liburua aurkeztu aurretik, Mitxel Sarasketak, Ataramiñeko editore eta preso ohiak «presoak ditugun bitartean ez gara libreak izango» aldarrikapena egin zuen.