Sokatira Lauko Txapelketa
Finalean sartzeko azken aukera izango du Abadiñok
Bizkaitarrak azken urte hauetan nagusi izan dira bai laukoan, bai zortzikoan, baina gauzak orain dauden bezala amaitzen badira, berdeek talde bat bera ere ez dute izango 300 kiloko azken ekitaldian.
Jon LEUNDA
Lauko Euskadiko Sokatira Txapelketako bosgarren eta azken-aurreko saioa jokatuko da bihar, Berriozarko kiroldegian, 12.00etan hasita. Emakumezkoetan, 260 kilokoan bigarren jardunaldia jokatu da, baita gizonezkoetan ere, 300 kilokoan. Mutiletan, hala ere, erabakigarria izango da finalerako txartelak eskuratzeko, sei sailkatuko baitira; multzo bakoitzeko estreinako hiru sailkatuak.
Abadiño A, Sokarri A, Amaiur A, Urruña, Berriozar, Ñapurrak eta Ibarra A lehiatuko dira lehenengo multzoan. Abadiño B, Amaiur B, Amaiur C, Kuartango, Ñapurrak B eta Ibarra B, berriz, jardungo dira B multzoan.
Lehen jardunaldian Sokarrik irabazi zuen bi multzoetan, eta ezustea, berriz, Abadiñok eman zuen, aurkeztu zituen bi taldeetako inork ez baitzuen lehenengo hiruren artean sartzea lortu ez multzo batean, ez bestean, eta une honetan ez luke talde bat bera ere finalean izango.
Emakumezkoak
Emakumezkoen 260 kilokoan, Bizindar, Badaiotz A, Badaiotz B, Ibarra A, Ibarra B, Sakana eta Berriozar lehiatuko dira. Badaiotz jaun eta jabe izan zen lehen jardunaldian, bere bi taldeak lehen bi postuak bete baitzituzten. Dena dela, ligaxka da hau, eta gaur bigarren jardunaldia jokatuko da, nahiz eta pasa den astekoa errepikatzen baldin bada, txapela Badaiotzentzat izango den.
Igantzin, berriz, gaur amaituko da Nafarroako Sokatira Txapelketa. Mutilak, 600 kilokoan neurtuko dira, eta Amaiur A, Amaiur B, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira. Amaiurrek nahiko erraz irabazi zuen lehen jardunaldia, eta gaurkoa irabazteko faborito garbia izango da, baita txapela lortzeko ere.
Emakumezkoak, berriz, 390 kilokoan ari dira, eta Berriozar eta Sakana besterik ez dira tiratzen ari. Lehen jardunaldian Sakana nahiko eroso gailendu zen, eta ezeren okerrik ez dela, txapela berarentzat izango da.