Aldaketak Orioko Arraunketa Elkartean
Erabakiak hartuta, lanean hastera
Orioko zuzendaritza berriak elkartea lehen mailara itzul dadin prestatu duen proiektua azaldu du, harrobia eta kudeaketa oinarri hartuta.
Asier AIESTARAN
Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritza batzorde berriak ilusioa, lana, kudeaketa profesionala, harrobia eta anbizioa izango ditu oinarri Orio berriz ere lehen mailara itzultzeko helburuarekin. Halaxe azaldu zuten atzo herriko udaletxean egin zuten aurkezpenean.
Ibon Huegun presidenteak hemeretzi lagunez osatutako giza taldea goraipatu zuen, «esparru ezberdinetan erreferente» diren pertsonez osatua, eta aurreko zuzendaritzak egindako lana eskertu ostean, elkarteari «arnasa berria» emateko beharra nabarmendu zuen.
Horretarako, bost lan talde osatu dituzte atal ezberdinetan aritzeko: sponsorizazioa, administrazioa, ekitaldien antolaketa, bidaien antolaketa eta merchandising saila. «Lan egiteko gogotsu gaude, baina onenekin lehiatzeko gogoa ez da nahikoa, kudeaketa serio eta profesionala egin behar da», gaineratu zuen presidenteak.
Kudeaketa horretan, harrobiaren garrantzia aipatu nahi izan zuen Huegunek, «hori delako gure oinarria eta Orio handi egin duena». Jakinarazi zuenez, elkarteak 170 fitxa federatu ditu gaur egun eta bere jardueran sortzen duen dirua harrobira zuzentzeko asmoa du.
Kirol arloko helburuak
Kirol arloko helburuak Igor Makazagak zehaztu zituen, lehen traineruaren gidaritza hartu duen sanjuandarrak. Bere hitzetan, traineruaren helburu nagusia KAE Liga lehen bi sailkatuen artean amaitzea izango da, San Miguel Ligara igotzeko kanporaketa jokatu ahal izateko. «Bost edo sei traineru ibiliko dira borroka horretan eta gure erronka hor nagusitzea izango da».
Horrez gain, tarteko beste helburu batzuk ere jarri beharra dagoela esan zuen Makazagak, eta horien artean elkartearen ohiturei eutsi eta arraun molde guztietan maila ona ematea egongo litzateke: «Badakigu estropada guztietan ehuneko ehunean egotea ezinezkoa dela, baina garrantzitsua da zaleek lehiaketa guztietan Orio hor dagoela ikustea. Aulki mugikorra, batelak, trainerillak... Itxura ona eman behar dugu».
Orio Arraunketa Elkarteak 1.400 bazkide ditu gaur egun, baina zuzendaritza berriak 2.000ra iristeko erronka jarri dio bere buruari. Horretarako «Hemen gatoztik!» kanpaina jarriko dute abian, eta datorren astean postu berezi bat jarriko dute herriko plazan informazioa banatu eta izena eman ahal izateko.
Jubeniletatik igo diren gazteak alde batera utzita, Igor Makazaga, Mikel Portularrume, Miguel Angel Millares, Txato Bereziartua, Unai Amenabar, Arkaitz Goñi eta Asier Carballeda dira Oriok datorren denboraldirako izango dituen berrikuntza nagusiak. Taldea utzi dutenak, berriz, Axier Kolina eta Josu Itxaso izan dira. Lehen traineruaren ardura Makazagak hartuko du -Portularrumek lagunduta-, aulki mugikorra Millaresek gidatuko du, eta bigarren ontziaren prestatzailea Jose Luis Agirre izango da. «Heldu diren arraunlari ezagun denak, bat kenduta, Orion hasitakoak edo noizbait Orion arraun egindakoak dira», nabarmendu nahi izan zuen Igor Makazagak. «Iaz ez bezala, aurten non aukeratu badu entrenatzaileak eta argi ibiltzen ez dena kanpoan geldituko da», esan zuen Josu Indo arraunlariak. A.A.