GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Iraganaren izaera konplexua (II)

Gaur egun indiar-amerikar komunitateak pairatzen ari diren arazo guztien errua kolonizatzaileari egozteak badu bere kontrako aldea: iragana eta, harekin batera, tradizioa erromantizatzea. David H. Justicen arabera, oker handia litzateke esatea kontaktu aurreko indiar-amerikar komunitatean sexismorik edota arrazakeriarik existitzen ez zela. Chickasaw indiarrak (gizonezko) gerlari ausartak izatearen ospea zuten gainerako komunitateen artean. Chickasaw emakumeei buruz, berriz, gauza handirik ez dakigu, ez bada esanekoak zirela. Ez dut uste beharrezkoa denik aipatzea genero bakoitzak zein rol betetzen zuen, ezta agintea noren esku zegoen ere. Arrazakeriari dagokionez, komunitate batzuek kanpotarrak barneratzeko arazorik ez zuten bitartean, beste batzuek beren lurraldeetan bizitzen utzi bai baina ez zituzten kanpotarrak berdintasunez tratatzen. Alegia, mundu idilikoa izatetik urrun, indiar-amerikarren iragana arras konplexua zen.

Beraz, Byrd irakaslearen arabera, etikoki jokatzeak esan nahi du, alde batetik, pentsamendua deskolonizatu behar dela, eta bestetik, «benetako»tzat jo ohi den iragana ere galbahetik pasatu behar dela. Azken hori funtsezkoa da, gerta daitekeelako tradizioaren izenean komunitatekideentzat arras zapaltzaileak diren egiturak martxan jartzea. Horregatik, Byrd eta bera bezala Ikasketa Indigenetan dabiltzan ikerlari eta teorialari askok iraganari bezainbesteko balioa ematen diote orainari. Nola definitzen dute beren nortasuna komunitatekideek? Zer behar dute? Zer egin dezakegu komunitate osasuntsu eta justua lortzeko? Horra beren buruei egiten dizkieten galderak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo