GARA > Idatzia > Kultura

Euskara ikasleei zuzendutako lau liburu aurkeztu ditu Atoan! argitaletxe berriak

A. ARRUTI | BILBO

Euskararen irakaskuntzan nabari duten hutsunea betetzeko, eta ikasleek, euskara hobetzen joan ahala, izaten duten bitarteko testuen premiari erantzun bat emateko asmoz sortu da Atoan! argitaletxea, Zenbat Gara kultura elkarteak bultzatuta.

«Gazteek eta helduek euskara ikasteko eta literatura euskaraz irakurtzen hasteko material egokien beharra», dagoela azaldu zuen Xabier Monasteriok, argitaletxeko arduradunak, eta dagoeneko kalean dira «Euskara errazean» lehen bildumako lau liburuak, zailtasun mailaren arabera sailkatuta.

Lau liburu, lau maila

Monasteriok berak idatzi du «%100», mailarik errazenean idatzia eta ikasleek ulertzeko moduko bitxikeriaz betea. «Liburuak ehun orrialde dauzka, ehun irakurgai, bakoitza ehun hitzetik beherakoa». Alain Urrutiak egin dizkio irudiak.

Bigarrena, berriz, Robert Louis Stevensonen «Hego itsasoetako ipuinak» liburuaren itzulpena da, behe maila batean ulertzeko moldatua. Aitziber Akerretaren irudiez lagunduta, alboko hiztegia ere erantsi diote, orrialde bakoitzeko lauzpabost hitzen definizioak euskara errazean adieraziz.

Lurtarron parodia zorrotza egin du Monasteriok erdiko maila batean idatzitako «Lurtarrak» liburuan. Adur Larreak egin dizkio irudiak eta testu osagarriak ere gehitu dituzte. Azkenik, Stephen Crane-en «Maggie, kaleko neska bat» moldatu du Monasteriok, Akerretaren irudiekin, honakoa, euskara goiko mailan.

Liburuak Zenbat Gararen standean egongo dira salgai Durangoko Azokan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo