GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Avironek eta Biarritzek esnatu beharra daukate

Zuri-urdinek Agenen zelaian jokatuko dute bihar, eta zuri-gorriek, berriz, Montpellier hartuko dute.

p042_f01_564x546.jpg

Jon LEUNDA

Derbiaren kontuak, esan beharrekoak eta esan behar ez diren guztiak alde batera utzi, eta Biarritzek eta Avironek aurrera egin behar dute, bihar jardunaldi berri bat jokatu beharko baitute, eta garrantzitsua, gainera, bien egoera ez baita kanpaiak jotzen hasteko horietakoa, eta bi taldeek lau puntuen bila joan beharko dute hasieratik.

Avironek bihar 15.00etatik aurrera Agenen zelaian jokatuko du. Bigarren partida jarraian kanpoan izango dute zuri-urdinek, eta ez dute, gainera, batere neurketa erraza izango, Agen seigarren postuan baitago. Talde frantziarra oso indartsua da, eta hiru partida besterik ez ditu galdu. Bere helburua estreinako seiren artean amaitzea da, eta horretarako garaipena behar du bihar arratsaldean.

Avironek, ordea, ezin du aurrean zein duen begiratu. Beraiek ere talde ona dute, lehen seiren artean sartzeko helburuarekin dago eginda, eta ez da Agen baino gutxiago, eta garaipenaren bila atera behar du. Biarritzen lortutako puntua ongi datorkio, baina azkeneko segundoan galtzeak min dezentea egin dio. Hori ahaztu egin behar du, eta hasieratik egin behar du presioa. Etxekoei zirrikitu guztiak itxi behar dizkie, gero ahalik eta entsegurik gehien egiteko. Horretarako ahalmena badu, eta horretan saiatu behar du, bestela egoera okertu egingo zaio, atzetik dituen taldeek irabazten badute, behintzat, jaitsiera sei puntura baitu.

Biarritzek, berriz, Montpellier hartuko du, 17.05ean hasiko den partidan. Neurketa garrantzitsua izango da zuri-gorrientzat. Avironi irabazita, azkeneko postutik ihes egin ahal izan zuen, baina horrek ez dio balio jaitsierako postua uzteko. Horretarako ezinbestekoa du biharko garaipena, eta ahal bada baita erasoko puntua ere, nahiz eta aurtengoan entseguak lortzerako garaian zuri-gorriak ez dabiltzan batere fin.

Bordelek bere partida galtzen baldin badu, eta Biarritzek irabazi, jaitsierako postutik irteteko modua egingo luke, eta horrek lasaitasun apur bat ere emango dio. Hori bai, galtzen badu, zuloan geratuko da, eta okerragoa izango da Lyonek irabaziko badu. Zaleak urduritzen hasita daude, eta Biarritzek aldatzen hasi beharra dauka.

premia

Baionako taldea ez dago jaitsierako postuan, baina galtzen badu asko gerturatuko da. Zuri-gorriek, aldiz, egoera larrian jarraitzen dute, eta irabazi ezean, okerrera egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo