Espetxe politika berria lortzeko bidean mobilizatzera deitu zuten Durangon
Gatazka benetan konpontzeko erroetara jo behar dela eta, munduko beste prozesuetan egin den bezala, Euskal Herrian ere, amnistiaren bidetik, espetxe politika berri bat behar dela aldarrikatu zuten atzo Durangon. Milaka lagunek hartu zuten parte manifestazioan.
GARA | DURANGO
Egin Dezagun Bidea ekimenak deituta, manifestazioa egin zuten atzo Durangon milaka lagunek «Amnistiaren bidetik, kaleak bete, kartzelak hustu» lelopean. Ibilbidean zehar, amnistiaren, euskal presoak Euskal Herriratzearen eta independentziaren aldeko oihuak jaurti zituzten manifestariek.
Ibilaldia amaitutakoan egin zuten ekitaldian adierazi zutenez, ezinbestekotzat jotzen dute presoen egoerari heltzea, gatazka benetan konpondu ahal izateko. «Presoen egoera agenda politikoan dago. Argi dugu amnistiaren bidean espetxe politika konponbidearen gakoetara ekarri beharra dagoela. Zentzu horretan, munduko gatazka desberdinetako konponbide prozesuetan preso eta iheslari politikoen aferari emandako irtenbideetatik irakaspena atera dezakegula uste dugu, Irlandako prozesutik nahiz Hegoafrikakotik kasu, non preso eta iheslarien parte hartzea ezinbestekoa izan zen».
Eskubide urraketa
Euskal Herrian, ordea, espetxe politikak oinarrizko eskubideak urratzen jarraitzen duela nabarmendu zuten. «Ezarritako zigorrak bete ondoren espetxean mantentzen dituzte hainbat preso. Gaixotasun larriak dituztenak giltzapean dituzte. Sakabanaketak istripuak eragiten jarraitzen du. Larritasun handiz bizi ditugun egoerak dira, urgentziaz konpondu beharrekoak», gogorarazi zuten.
Egoera horren adibide gisa, Txus Martin basauriar presoaren kasua aipatu zuten. «Ulergaitza da nola uka diezaioketen gaixotasun larria sufritzen duen pertsona bati bizirauteko beharrezkoa duen tratamendua, eta gure indar guztiekin salatzen dugu mendeku politika hau heriotza politika bilakatzea».
Gauzak horrela, «euskal gizartea inplikatzea ezinbestekoa» dela esan zuten. «Euskal Herrian gehiengo politiko, sindikal eta sozialak hamaika aldiz eskatu du egoera hori amaitzeko. Halere, egoerak antzekoa izaten jarraitzen duenez, eskaerak indartzeko garaian gaudela uste dugu», baieztatu zuten.
«Horregatik, Bizkaiko preso eta iheslarien eskubideen aldeko herri bilguneetatik mobilizatzeko deialdi eta gonbidapen zabala egin nahi diogu euskal gizarteari, preso eta iheslarien eskubideen aldeko borrokan inplikatu daitezen eta Bizkaia osoan zehar antolatzen ari diren herri bilgune zabaletan parte hartzeko», gaineratu zuten Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideek.
Polizia espainolak joan den astean Galizian atxilotu zituen independentistei besarkada bero bat bidali zieten atzo Durangoko mobilizazioan parte hartu zutenek.