Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Euskarazko Wikipedia biluziko dute, jaio osteko hamargarren urtean
Euskarazko Wikipediak hamargarren urteurrena betetzen du gaur, eta hori ospatzeko eta Durangoko Azokan eskaintza zabaltzeko, egun osoko maratoi bat antolatu dute, alderdi praktikoa nagusi izango duena.
M. LARRINAGA | DURANGO
Durangoko Azokaren bigarren egunean espazio berri bat ireki zuten: Kabi@izenekoa. Sarean euskaraz garatu diren ekimenen erakusleiho izateko sortutako proiektu berri honi atzo eman zioten hasiera eta gaur arte izango da aretoan.
«Lehenengo urtea da teknologia berriei espazio propioa eman nahi diegula, eta ez dakigu nola gorpuztuko den hurrengo urteetan. Bagenekien saiakeratxo bat egin behar genuela datozen urteetara begira lan ildoa zehazteko, eta eragile ezberdinekin elkarlanean zerbait txikia egitea erabaki genuen hasteko», azaldu zuen atzo Aiert Goenaga zuzendari laguntzaileak.
Kabi@ proiektuaren helburua teknologia eta kultura uztartzen dituzten adibideak ezagutzera ematea da; hau da, egun teknologiek kulturan zer pisu duten eta kulturak teknologia berrietan zer pisu duen erakustea.
Hala, gaurkoa Euskal Wikipediari eskainiko diote, hamar urte betetzen baititu atari horrek. «Pare bat hitzaldi eta tailerra antolatu ditugu, Wikipedia maratoi bat esan genezake. Euskal Wikipedian aritzen direnak etorriko dira zer funtzionamendu duen azaltzera, zein erabilpen dituen, nahi duenak parte har dezakeela erakustera, beti ere kode batzuk errespetatuta. Guztia azaldu, informazioa iraultzen erakutsi... Horixe da ekimenaren asmo nagusia: euskarazko Wikipedia aberasteko sare hori indartzen jarraitzea», esan zuen Goenagak.
Maratoiari hasiera emateko Euskal Wikipediaren proiektua aurkezteko hitzaldia eta itzulpen automatikorako tresnari buruzko sarrera txiki bat egingo dute. Ekitaldiaren zati nagusia praktikoa izango da: edizio-maratoia. Egunean zehar, 10.30etik 19.30era, Durangoko Azokan bertan, partaideek Wikipedian zuzenean editatzen ikasiko dute, saioan tutore lanean arituko direnek lagunduta. Izan ere, helburua Euskarazko Wikipedian nork bere ekarpena egitea da, norberaren jakintza arloko artikulu eta edukiak sortu edota eguneratuta. Parte hartu nahi duen orori zabalik dago. Hori bai, nork bere eskuko ordenagailua eraman beharko du.
Aukerak zabaltzen
Espazio berriak irekitzea garrantzitsua dela uste du Gerediaga elkarteak. Izan ere, aurtengoa 46. edizioa du azokak eta 80ko hamarkadatik ona formatua ez da gehiegi aldatu. «Duela hiru urte Ahotsenea ireki zen eta sekulako arrakasta izan du geroztik. Sortzaileek eta ikusleek bestelako harremana dute, goxoagoa. Espiritu hori kontutan hartuta, beste esparru batzuetara zabaltzeko jarraitu beharreko formatuak zeintzuk ziren identifikatu genituen. Gerediagak argi ikusi du XXI. mendean gauza asko 80ko hamarkadan bezala egitea ez datorrela bat gaur egungo errealitatearekin. Euskal kultura liburu eta diskoetatik harago doa. Ikusleek ez dute halakorik espero, sorpresa bat izan da hiru gune zabaltzea (Kabi@, Irudienea eta Szenatokia) eta, datorren urtera begira espero dugu beste gune bat zabaltzea», iragarri zuen Goenagak.
Euskarazko Wikipediaren inguruko tailerra 11.45ean hasiko da Kabi@ gunean, eta arratsaldean ere egingo dute, 16.45ean. Txanda bakoitzean 30-40 lagun ingururentzako tokia izango dute. Bestetik, eguna hasteko, 10.30ean Unai Fernandez de Betoñok hitzaldia emango du.