Gehiegikeria aitortu du Gorenak, baina berandu
Hainbat erakunde politiko legez kanpo ezarri izana berez bidegabekeria eta gehiegikeria nabarmena izan zen, Estatu espainolaren kalitate demokratikoa oso zalantzan jarri zuena. Baina horri bidegabekeria eta gehiegikeria gehiago gehitu zizkioten. Izan ere, Baltasar Garzon epaileak 2008an ezarri zuen doktrinaren arabera, ez zegoen zigortutako edo legez kanpoko erakunde politikoetako hautetsiak ordezkatzerik. Villabonako alkateorde Remi Aiestaran hil zenean, haren kargua hartzeko prest zegoen hurrengo lagunak zinegotzi izateko izapideak egiteko eskatu zion Villabonako Udalari, baina Hauteskunde Batzorde Zentralak, Garzonek bere doktrina ezartzeko eman zuen autoa oinarri hartuta, Aiestaran ordezkatzea eragotzi zuen. Hildako zinegotzi bat ordezkatzea ere debekatuta zegoen, beraz. Gehiegikeria haren kontra Auzitegi Goren espainolera jota, hark nabarmen utzi ditu Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabakia eta Garzonen doktrina. Berandu, ordea. Oso berandu. Herri honetan dagoeneko ohitura txar bat baino kaltegarriagoa da lehenik neurri zorrotzak -kalte atzeraezinak eragiten dituzten gehiegikeriak- ezartzea eta gero «okerrak» zirela onartzea, beranduegi denean. Berandu baita beren kargua hartzea eragotzi zieten ordezko zinegotzientzat eta hautesleentzat, euren borondateari epaile baten erabaki arbitrarioa gailendu zitzaien haientzat, alegia.