Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Euskal raparen indarra azaleratzeko sortua da «Rapherria» bilduma
Infozazpi irratiak bultzatuta, Euskal Herriko 17 rap taldek osatu dute «Rapherria» diskoa, euskarazko aurreneko rap bilduma. Aritz Usandizagak, euskal raparen aitzindarietakoa denak, egin du «hitzaurrea».
Ane ARRUTI | DURANGO
Mundu mailan, jarraitzaile kopururi dagokionez, gehien hazi den musika mota izango da, segur aski, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Rap musika jorratzen duten taldeak gero eta gehiago dira eta Infozazpi irratiak RapHerria bilduma aurkeztu du, «euskaraz egiten den rap musikari oihartzuna eman eta euskal kulturaren bilakaerari ekarpena egiteko asmoz».
Zazpi euskal herrialdeetako hamazazpi taldek hartu dute parte ekoizpenean, nahiz eta proiektuaren bultzatzaileek eurek aitortzen duten Ipar Euskal Herrian musika mota hau entzuteko joera handiagoa dagoela. «Frantziar Estatuan egia da historikoki zabalduagoa dagoela», esan zuen proiektuaren koordinatzaile Antxon Basurkok, «baina Hego Euskal Herrian ere gero eta gehiago dira. Iruñean bada plataforma bat, jaialdietan ere aldatzen ari da joera eta rap talde gehiago daude...».
Parte hartu duten taldeek euskara dute oinarri eta gaztelania, frantsesa eta ingelesa ere tartekatzen dituzte. «Azken batean, errealitatea islatzen dute», azaldu zuen Basurkok. Sei taldek gainera, espresuki sortu dituzte kantuak bilduma honetarako, MAK, La Chula Potra, ZKH (Goienetxe anaiak) eta FLCH, 100% Gourmet, Toastibarre eta 2zio taldeek, hain zuzen. Bestelako kolaboratzaileak ere izan dituzte, taldeez gain. Aritz Usandizagak egin du, esaterako, diskoaren «hitzaurrea» eta Karlos Osinaga Txap teknikariaren esku egon dira moldaketak.
«Lehen euskal rap bilduma» izenarekin erditu den lana, irabazi asmorik gabeko proiektua dela nabarmendu dute. «Creative Commons labelpean argitaratzea erabaki dugu, label librea den heinean, bildumako sorkuntzak modu librean zabal daitezen», azaldu zuten.
Hedapen hori abiatzeko, Durangoko Azokan zortzi eurotan jarri dute salgai. «Prezio normal bat iruditzen zaigu, kontuan hartuta egun Interneten kantuak banaka 0,99 eurotan saltzen direla». GARA egunkariaren webgunean ere eskura daiteke. Urtarrilean, berriz, aurkezpen bira hasiko dute. Kontzertu bakoitzean lauzpabost taldek hartuko dute parte. Basurkoren esanetan, «taldeak, bilduma eta Infozazpi irratiaren proiektu osoa ezagutzera ematea da gure helburua». Hurbiltzen direnek sarrerarekin batera diskoa izango dute opari, guztia 10 eurotan. Datak www.info7.com atarian jarriko dituzte.
Hamazazpi taldek hartu dute parte bilduman eta horietatik seik proiektu honetarako espresuki kantu berri bat sortu dute. Urtarrilean abiatuko dute aurkezpen bira.