Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Liburuetatik bideo-jokoetara, amets mordoa haur literaturaren txokoan
Durangoko Azokak espazio ugari ikusi du hazten Landako eraikinaren inguruan. Baina bada bat hogei urtez topagune nagusiaren pareko ibilbidea egin duena, haur literaturari propio sortutako txokoa.
Anartz BILBAO
Haur Literatura Aretoa (HLA) Berbaro elkarteak kudeatzen du, eta Elkartokian paratu dute, aurten bigarrenez. «Elkarteak 22 urte dauzka, eta sortu zenean martxan jarri zuen lehen egitasmoa izan zen haur txokoa, Durangaldeko ikastetxeetan hasi zena», Oihane Barrutiaren esanetan. Berbaro elkarteko kideak Haur Literatura Aretoaren irekiera ekitaldian parte hartu zuen atzo, Azokako zuzendari nagusi Jon Irazabal eta txokoaren babesle nagusia den Eroski enpresako Nerea Arrondorekin.
«Urte batzuetara egitasmoa Azokara bertara ekarri zen -jarraitu du Barrutiak-. Eta Azoka bera ere urteetan zehar asko aldatu denez, HLAren formatua ere aldatu egin da. Azken urteotan, gainera, teknologia berriak ere sartzen saiatu gara».
Haur Literatura Aretoak hogei urte inguru daramatza Azokan. «Lehen Landakon bertan, eta standak ugaritu eta tokia jaten hasi ahala, urte asko egon gara kanpoan jartzen genuen moduluan. Iaz, berriz, lehen aldiz Elkartegian jarri genuen, konturatu baikinen baliabide asko eskaintzen zizkigula aretoak aurkezpenak-eta egiteko, baliatu nahi genituenak».
Umeek Azokan beren tokia izatea da Berbaroren xedea, «beren kasara edo gurasoekaz lasai ibil daitezen». Horretarako, Elkartegiko Areto Nagusian adinaren arabera dituzte liburuak sailkatuta, lasai irakurtzeko. Horrez gain, aurkezpenak egiten dituzte egunero, «beraien adinerako propio plazaratutako musika eta liburuak aurkeztuta. Gainera, antzerkia, ipuin kontalariak eta beste ere izango ditugu».
Atzo ireki zituen ateak txokoak, eta txanda bakoitzean hiru hezitzaile aritzen dira umeei laguntzen. «Gaur -beste horrenbeste jazoko da asteazkenean- ikastetxeen bisita izan dugu, eta ginkana jokoa egin dugu 11-12 urteko gaztetxoekin. Hainbat proba egin dituzte, beren adinarekin lotuak: saltokietan galderak egin, musikariek kantatzea lortu, idazleen adierazpenak grabatu...». Zalaparta ugari izan da eguerdi partera arte. Barrutiak onartu digunaren arabera, inoiz edukiera gainditu eta tarte batez ateak itxi beharra ere izan dute. Atera kontuak!
Denetarik izango da egunotan HLAn. Atzo txapak eta mantalak egiteko tailerrean aurkitu genituen umeak. Aurrez foliotan inprimatuta zeuden leloak, «mundua aldatuko dugu!», «liburua telebista baino hobeto», «aurreztu ura» eta antzekoak koloreztatu eta horiekin paparretik zintzilikatzeko txapak egiten. Arratsaldean berriz, zinema izan zuten aurrena, eta aurkezpenak gero: Peru Madalenaren «Txomintxo eta Perutxo bakarrik geratu dira etxean» (Elkar), Yolanda Arrietaren «ABCD berri bat», Arrate Egañaren «Lanbroa» eta Castillo Suarezen «Muxurik nahi?», (Mezulari), edo «Maddi eta txistua», Haladzipo.
Gaur, besteak beste, eguerdian Pirritx eta Porrotxek azken lanak aurkeztuko dituzte, beti arrakastatsua suertatzen den ekimenean. Bizkaiko Trikitixa Elkarteak «Erramunen soinua» ipuin eta diskoa aurkeztuko du ordu batean, eta karaokea (15.00etan) ere izango da gero. Horrez gain, aurten Azokak kultur gonbidatu dituen galiziarren bisita ere jasoko du. goizetik arratsaldera «Caixina de mistros: un misterio para Tintiman en Durango» film laburra ikusiko dute umeek, taldeka Landako plazan den karabana batean sartuta. 17.00etan, berriz, Gálix eta Galtzagorri ekimenean idazle galegoak eta euskaldunak elkarrekin jardungo dute ipuinak irakurtzen. Galiziaarren aldetik Concha Blanco, Pere Tobaruela eta Leticia Costas izango dira irakurle, eta euskal ordezkari Pako Aristi, Castillo Suarez eta Felipe Juaristi arituko dira. Gainerako egunen egutegi osatua www.durangokoazoka.com atariko Haur Literatura Aretoaren atalean dago ikusgai.
Arteleku-Tabakalera
HLAk landuko dituen tailerren artean, gaur bideo-jokoei eskainitakoa aipatu behar. Gidari Arteleku-Tabakalera izango da eta «Jolasean» du izena tailerrak. «Alde batetik umeak izango ditugu bideo-jokoekin jolasean, eta bestetik, lehendabizi saio teoriko bat prestatu dugu helduentzat, gero goizeko saioa amaitu aurretik alde praktikoa lantzeko. Arratsaldean berriz, umeak eta gurasoak elkarrekin jolasten jarriko ditugu», esan digu Aitor Uriguen tailerreko gidariak.
Tailerra, beraz, gurasoei begirakoa da, «jakin dezaten bideo-jokoek nolako bilakaera izan duten, eta horrela, bideo-jokoen gaineko kritikotasun bat lantzeko, askok eta askok aurreiritzi mordoa dute-eta: txarrak dira, denbora galtzeko baino ez dute balio... beste argudiorik eman gabe». Horretarako, bideo-joko ezberdinak konparatuko dituzte, eta Pegi erakundeak (Pan European Game Information) ematen dituen gomendioak agertu, joko bakoitza zein adinetarako den egokia eta beste hainbat informazio erabilgarri ezagutzeko -bideo-jokoei atzean oharrak jartzen dizkion erakunde europarra da Pegi-. «Bukatzeko tertulia bat egin nahi genuke gurasoekin, beren iritzia eman eta beldurra baztertu dezaten».
«Jolasean» tailerrean «merkatuan puri-purian diren bideo-jokoak erabiliko ditugu gehienbat, batzuk aurreko hilabetean argitara agertutakoak, gero gurasoek ere horiek erosiko dituzte-eta, haurrek horrela eskatuta». Izan ere, Uriguenen esanetan, «espero dugu gurasoek herramintak izatea joko berrien aurrean ere beren iritzi propioa izateko, egokiak diren edo ez erabakitzerakoan». Euskarriari dagokionez, «salmenta aldetik merkatuan diren gailu boteretsuenak erabiliko ditugu, Play Station 3 (Sony etxearena), XBOX 360 Microsoft-ena) eta Nintendoren Wii».
Tailerrean parte hartzeko aurretiaz izena eman beharra zegoen, baina arduradunen hitzetan, «pil-pilean dagoen kontua da egun bideo-jokoena, eta baten batek azken orduko interesa agertuko balu, saiatuko ginateke tokia egiten guraso eta haurrei». Arteleku-Tabakalerak bideo-jokoen inguruan lanean dihardu irailaz geroztik, gero eta erabiltzaile gehiago ditu-eta. «Teknologia berriak eskoletan ere sartzen ari dira Eskola 2.0 programarekin, eta interesgarria da bideo-jokoen bidea lantzea. Garrantzitsua da gizartearentzat, bai artista bai erabiltzaileentzat eta lan ildo ezberdinetan: nola sar daitezkeen bideo-jokoak liburutegi publikoetan, nola erabili hezkuntzan... », adierazi du Daniel Artamendik. «Arteleku-Tabakaleran interesa dugu bideo-jokoen ildoa garatu eta bultzatzen; ea zer ateratzen dugun bertatik».