GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

Datorren espainiar eskuinaren erronkak

Estatu ereduari dagokionez, kataluniarren erronkaz gain, Euskal Herriak dauka lehentasuna. Benetako auzia hemen dago, eta Rajoyk badaki

Espainiar estatu mailako hauteskundeak PPk irabazi ditu. Propagandak bestelako kontakizunak idazten badizkigu ere, azterketa sakonari erreparatuz gero, PPren indar bilketa baino PSOEren gainbehera erraldoia azpimarratu beharko genuke, horixe izan baita Rajoyren arrakastaren gakoa. Honek badu garrantzia, ikaragarriak baitira PPk aurkitu dituen erronkak, higadura ederra ekartzen ahal diotenak, hots. Egoera ekonomikoa, zorrak, langabezia, estatuaren krisialdi politikoa, euskal herritarren eta kataluniarren askapen egarria... ez da makala Rajoyren ardura. Gauzak horrela, bere indarra baino PSOEren ahulezia da bermerik handiena. Zaila izaten da posizio politikoa hobetzea jendearen aurreko neurriak hartzen. Jakin badakigu eskuindarrek ez dutela ustelkeria edota bestelako astakerien aurreko konplexu handirik. Halere, normalki, egoera orokorra makurtzen den bitartean zaila eginen zaio PPri gobernu jarduerari etekinik ateratzea.

PSOEren indartze aukerak oztopatu beharko ditu PPk. Jendarte mobilizazioei aurre egin beharko die eta itxaropenaren irudia zabaldu beharko du, gezurrekin ere. Baina, beharbada, ez da aski izanen, espainiar estatua amildegiaren ertzean dagoelako. Erorketa orokorra benetako aukera da. Batek daki zer ekarriko lukeen Grezian bizitakoaren antzekorik gertatzeak. Horraino iritsi gabe ere, krisialdiaren ondorioak oso larriak izanen dira. PPk erabaki gogorrak hartuko ditu, bat egin duelako aberastasuna jendartearengandik gutti batzuengan pasatzeko agendaz. Joera honek pribatizazioak, kanporaketak, murrizketak eta bestelako neurriak erakarriko ditu. Badaude beste bideak, gauzak bestela egin daitezke, baina hau da hautatutakoa, eta denok pairatuko ditugu ondorioak.

Estatu ereduari dagokionez, kataluniarren erronkaz gain, Euskal Herriak dauka lehentasuna. Benetako auzia hemen dago eta Rajoyk badaki. CiUk aldarrikapen ozenak zabaltzen ditu, baina fiskalitate mailako aldaketak nahi ditu. Ez du independentzia bilatzen, Karlistadak galduta ere kendu ez zigutena baizik. Begi bistakoa da independentziaren aldeko giroa zabaltzen ari dela Herrialde Katalanetan, baina lidergo politikorik gabe, beste batzuk dira, zorigaitzez, sentimen horrekin trafikatzen dutenak.

Euskal Herrian, berriz, urteotako lanari esker, lidergo sendoak eraiki dira, egitura zabal eta eraginkorretan oinarritzen direnak. Azkenengo egokitzapenek ezker independentistaren lidergoa eta indarrak biltzeko gaitasuna areagotu dituzte, emaitzak denon bistaren aitzin daudelarik. Zer eginen du PPk erronka honen aurrean? Historikoki, eskuinaren erantzuna itxikeria izan da. Hauxe izanen da, dagoeneko ikusi dugunez, eskuineko sektore batzuen joera. Baina, nagusituko da? Denak daude ados espainiar eskuinaren barnean? Ez dago bestela pentsatzen duen inor?

PPren erronkak ez daude alderdiaren kanpoan soilik. Handienetako bat alderdiaren barnean dute. Iraganeko zamak alde batera uzteko aukera dute begien aurrean. Ez zaie erraza eginen, pisua eta loturak ez baitira nolanahikoak. Baina zaila izaten da gehiegizko zamaz hegan egitea. Zailago krisialdi egoera honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo