Berrogei urtez herritarren beharren arabera lanean ari da Laguntza etxerat elkartea
Hazparne, Bastida eta Bidaxuneko kantonamenduetan berrogei urtez herritarren beharrei erantzunez zerbitzuak garatzen aritu da Laguntza Etxerat. Langile bakar batekin hasi zen 1971n. Gaur egun, bostehun familia biltzen ditu.
Ainize BUTRON
Makean sortu zen Laguntza Etxerat elkartea, 1971. urtean. Berrogei urte betetzen ditu egunotan, eta sortzean finkaturiko irizpide nagusiekin jarraitzen du lanean: gizartearen beharrei erantzuteko herritarrek kudeatzen duten egitura izatea.
Bidaxune, Bastida eta Hazparneko herri elkargoetan zabaltzen du bere lan eremua; hots, hemeretzi herritan, eta, orotara bostehun bat familia laguntzen ditu. Nikolas Blain Makeako hautetsiak eta Laguntza Etxerat-eko administrazio kontseiluko kideak nabarmendu duenez, elkarteak zerbitzu publiko gisako lana betetzen du. 1971n sortu zelarik, haurren hezkuntzan amei laguntza eskaintzea zen elkartearen zeregin nagusia. 1976an, berriz, zerbitzua zabalduz, adineko jendeari ere arreta bideratzen hasi zen. «Hasieratik ongi pentsatua izan da. Sozial arloa Departamenduak eramaten duenez, administrazio kontseiluan hautetsiak barne dira, baina, gizarte zibilak ordezkarien gehiengoa du», argitu zuen Blainek. Horrela, herrietan dauden beharren araberako zerbitzuak garatzen ditu elkarteak. «Profesionalizatu bada ere, elkartea parte-hartzailearen moduari atxikia dago. Elkartasunak leku handia dauka gure ibilmoldean», gaineratu zuen.
Duela berrogei urte, lehen haurtzaindegia sortu zuten Beskoitzen, eta Hazparnen 2014an ateak irekiko dituen haurtzaindegi berriaren egitasmoa kudeatzekotan dira. Egitura horietatik kanpo, adineko jendeari, elbarriei eta adin txikikoei begirako beste hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte.
Egitasmo berriak
Berrogeita hamar langilerekin, elkarteak bi eremutan lan egiten du, beraz. Adineko pertsonak, eriak edo elbarrituak etxean atxikitzen laguntzen diete familiei, etxe laguntzaile eta gizarte laguntzaileei esker. Eguneroko bizitzan funtsezko eta ohikoak diren ekintzetan ematen dute zerbitzua, bereziki otorduen prestaketa, etxearen garbiketa, joan-etorrietarako laguntza, etxeko erosketak egitea eta gisakoak.
Bestalde, sei urtetik beherako haurrentzako zaintza moldeak proposatzen dituzte. Beskoitzeko Laminak haurtzaindegia, familien harrera zerbitzuak, Ama Laguntzaileen gunea eta Xirrixta ume eta gurasoen harrera lekua eratu dituzte. Herritarren beharrei egokitzeko helburu nagusi horrekin, Laguntza Etxerat-en lan eremuak etengabe aldatzen dira.
«Baserri inguru batean kokatzen bada ere, bilakaerak izan dira azken urteotan. Elkartasuna bada, baina, Hazparne eta Beskoitze bezalako herriak Baionako testuinguruan kokatuak dira. Horrek behar berriak sortzen ditu», erran zuen Blainek. Bere esanetan, Hazparne inguruko kantonamendu horietan familia gazteen beharrak handitu dira azken garaiotan. «Bereizketak badira, eta, zenbaitetan familia batzuetan bi edo hiru lanbide egitea behartuak izaten dira aldi berean. Halakoak gutxi badira ere, kontuan hartu behar ditugu», esan zuen. Horrenbestez, adinekoentzat ez ezik, gazteentzat ere zabaldu nahi dute etxe garbiketako edota bazkari prestaketako laguntza. Astean bi edo hiru aldiz norbaitekin solastatzeko aukera ere eman nahi zaie.
Esparru berean, bigarren egitasmo bat lantzen ari da Laguntza Etxerat elkartea. Lana biziki goiz hasten eta biziki berandu bukatzen dutenentzat, ordu «atipikoetan» haurtzaindegi zerbitzua irekitzeko asmoa daukate, hau da, goizeko seietatik arratseko bederatziak arte egingo lukete: «Askotan proiektuak herritarrek egiten dituzten eskaeren arabera bultzatzen ditugu. Herriko etxeek galdegiten dizkigute».
Laguntza Etxerat elkarteak gaur goizean ospatuko du bere berrogeigarren urteurrena. Goizeko bederatzietatik hamabietara ate irekien jardunaldia egingo dute, Hazparnen duten egoitzan. Ekimena baliatuko dute elkarteak gauzatzen duen gizarte ekintza eta betekizun guztiak ezagutarazteko.