GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Talde txikien osoko zuzenketak baztertuta, aurrera egingo dute eskuineko aurrekontuek

Lakuako Gobernuaren 2012ko aurrekontuak halabeharrez zorrotzak direla esan zuen atzo Ekonomia sailburu Carlos Aguirrek. Hala ere, zorroztasun horrek, alde batetik, ekonomia suspertzea eragotziko du, eta bestetik, gizarte zerbitzuetako inbertsioa murrizten den aldi berean, azpiegitura handietakoa emendatu egingo du nabarmen. Aralarko eledunak esan zuen aurrekontuok eskuinaren eskutik aterako direla aurrera, eta horrela da, PPren eskutik aterako baitira, baina baita EAJk batere oposiziorik egin gabe ere. Esanguratsua da talde handiek osoko zuzenketarik aurkeztu ez izana, eta EAJren kasuan, talde txikien zuzenketak bozkatu direnean abstenitu izana. Ez da bitxia, beraz, aurrekontu horien helburu bakarra defizita murriztea izatea, nahiz eta dagoeneko frogatuta dagoen errezeta neoliberal horiek alferrikakoak direla enplegua sortu eta ekonomia suspertzeko, ez dutela balio ustez duten helburua lortzeko, alegia. Hala ere, aurrera egingo dute behartsuenentzako laguntzak, gehien behar direnean, murriztuz. Hartara, 2012ko aurrekontuak eskuindarren eskutik aurrera ateratakoak ez ezik, eskuineko aurrekontuak ere badira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo