Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria
Iraganaren izaera konplexua (III)
Erraza da, jakina, Byrd irakasleak eta bera bezala indiar-amerikarren eta, oro har, herri indigenen alde lan egiten dabiltzanek proposatzen dutena (tradizioa deskolonizatzea, kultura indigenetan arras errotuta dauden uste arrazistak eta sexistak gainditzea) Akademiatik defendatzea. Baina nola helarazi ahal zaizkio komunitateari, nola eraman daitezke praktikara asmo horiek guztiak? Byrd irakaslea ez da, inondik inora ere, inozoa. Aitortzen du amildegi bat dagoela Akademiaren eta gizartearen artean. Hala ere, esaten du AEBetako mundu akademikoan minorietan minoria izateak (lauzpabost unibertsitatek bakarrik dute Indiar Amerikar ikasketei zuzenduriko programarik) badituela bere abantailak: Akademiaren gaitzik larriena den elitismotik libre daude momentuz. Hain zuzen, arlo guztietako profesional zein gizabanakoei zabalik daude beren programak: egun batean idazle batek eskainiko du hitzaldia; hurrengo batean etxeko egongelan musika indigena aireratzen duen irratia sortu duen gaztea izango da gonbidatua; beste batean indiar takoak (eta indiar sukaldaritzako bestelako gutiziak) prestatzen dakien etxeko andrearen txanda izango da.
Indiar Amerikar programetan dabiltzan irakasleek ere komunitateari begira lan egiten dute. Beren ardura nagusia etorkizunean komunitatearen alde lan egingo duten indiar-amerikar gazteak trebatzea (eta indiar-amerikarrak ez diren horien begiak zabaltzea) dela uste dute. Era berean, indiar-amerikar komunitateek urtero antolatzen dituzten jaialdietara hutsik ez egiten saiatzen dira, gero unibertsitatetik komunitateen eguneroko beharrei hobeto erantzun ahal izateko.