GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskararen aldeko mozioa onartu du Euskal Kulturaren Aldeko Sindikatuak

GARA |

Ipar Euskal Herriko 146 udalerri elkartzen dituen Euskal Kulturaren Aldeko Herriarteko Sindikatuak beste urrats bat eman du euskararen alde: euskarak aitorpen ofiziala izan dezan mozioa onartu berri du. Euskal Konfederazioak adierazi duenez, «poz handiz hartu dugu joan den abenduaren 3an euskararen alde onartu zen ekimena».

Joera politiko anitzetako ordezkariak biltzen dituen herriarteko sindikatuak mozioan ohartarazten du lege babesik gabe euskara bezalako hizkuntzen garapen osoa ezin dela ziurtatu.

Horrez gain, engaiatzen da presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagai guztiekin harremanetan jartzera, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berretsi eta hizkuntz lege bat ezar dezaten.

Ituna berrestea nahi dute, lurralde hizkuntzen erabilera herri erakundeen jardun publikoan ofizialki aitortua izan dadin. Bestalde, hizkuntz legea onartzea, gizartean hizkuntza gutxituen erabilera babestu eta erraztuko litzateke.

Presidentetzarako hautagaiei eskaera hori azaltzeko gutun bana bidaliko diela adierazi du herriarteko sindikatuak.

«Nahiz eta azken urteotan lurralde hizkuntzen alde urratsak eman diren, lege bermerik gabe ez da garapena segurtatzen ahal», dio mozioak.

Euskararen aldeko martxa

Euskara hizkuntza ofiziala izan dadin eskatzeko manifestazioa iragarri dute Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak 2012ko martxoaren 31rako. Euskal Kulturaren aldeko sindikatuak ere parte hartzeko deia egin du.

Hori ikusita ere pozik agertu da Euskal Konfederazioa, «sindikatuak bat egin duelako hizkuntz lege bat aldarrikatzeko antolatu den manifestazioarekin».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo