Hiru emakumek jasoko dute gaur bakearen nobel saria, estatu batuen itzalpean
Norvegiar Parlamentuko Nobelen Batzordeak hiru emakumeri eman die Bakearen Nobel saria; lehen biak politikari eta ekintzaile liberiarrak dira -AEBen bulkadaz sortutako Estatua-, hirugarrena, estatubatuarren babesaz, udaberri arabiarrean antolatzaile aritu den yemendarra.
Garazi MUGERTZA
Afrikako herrialderen batean lehendakaritza lortu duen lehen emakumeak, Liberiako bakearen bidean emakumeen mugimendua antolatu zuen emakumeak eta sari hau eskuratu duen lehen emakume arabiarrak jasoko dute gaur Oslon Bakearen Nobela.
Ellen Jhonson Sirleaf, Leymah Gbowee eta Tawakkol Karman «bakearen eraikuntzan emakumearen parte-hartze eskubidearen eta segurtasunaren alde indarkeriarik gabeko borroka» egiteagatik saritu dituzte, Liberian eta Yemenen eginiko lanagatik.
Lehena, Liberiako lehendakaria da, Afrika osoan postu hau lortzen duen lehen emakumea, polemika artean, 73 urterekin bere bigarren agintaldiari ekingo diona. Sariaren berri izatean liberiar herriarentzako eta bereziki liberiar emakumeentzako zela adierazi zuen. «Oso pozik nago; sari hau bakearen alde eginiko urteetako borrokaren ondorioa da», gehitu zuen. «Altzairuzko Dama» ezizenaz ezaguna, herrialdean emandako estatu-kolpearen ondorioz birritan erbesteratua eta atxilotua izan zen. 1997an, lehen aldiz, lehendakaritzarako aurkeztu zuen bere burua, baina 2005. urtera arte ez zuen boterera iristea lortu.
Haren herrikidea da Leymah Gbowee, Liberian gerra zibil garaian bake bidean emakumeak antolatzeagatik ezaguna, baita Sirleafek hauteskundeak irabaztea ahalbidetu izateagatik ere. «Bakearen gerlari» izendatua nazioartean, erlijio zein etnia ezberdinetako emakumeak batu, bake prozesuan martxan jarri eta euren parte-hartzea sustatu zuen, besteak beste, emakume orori dei eginez sexu harremanak izateari uko egitera, gudak iraun artean. Sirleafek bakea bideratzeko ekintzez arduratzeko aukeratu zuen Gobernura iristean. Nobel sariak «munduan bakea eta segurtasuna sustatzeko emakumearen papera ezinbestekoa» den mezua indartzen duela adierazi zuen Gboweek.
Hirugarrena 32 urteko yemendarra da, Tawakkol Karman, udaberri arabiarraren ordezkari eta antolatzaileetako bat. Nobel sarien epaimahaiak, bereziki hori saritu nahi izan du, arabiarren iraultza, eta hainbat gizon eta emakumeren artean aukeratu du Karman. Pozez eta harriduraz jaso zuela berria adierazi zuen, «udaberri arabiarrari» eskaini ondoren. Nobel saria «arabiar, musulman eta emakume guztientzako ohore bat» dela ziurtatu zuen. Birritan atxilotua, adierazpen askatasunaren eta emakumearen eskubideen aldeko ekintzailea eta Ali Abdallah Saleh lehendakariaren dimisioa eskatzen duen mugimenduko buruetako bat da. 2005. urtean Katerik gabeko Emakumezko Kazetarien taldea sortu zuen.
Saria eman den 111 urteetan hamabost emakume soilik saritu dituzte, azken hirurek itxi dute talde urri hau.
Estatubatuarren esku-hartzea
Nobel sarien harira bada eztabaida zahar bat, aukeraketen atzeko interesen ezbaia.
Oraingo honetan ere zalantza mahai gaineratua izan da. Eta Barack Obama aukeratu zutenean bezala, estatubatuarren esku ahalguztiduna ageri da emakume hauen sorbalda gainean.
Zurrumurru ozena da udaberri arabiarrean estatubatuarrek interes anitz dituztela. Horren ildotik, saritu berri duten Tawakkul Karman ez da salaketa horretatik libratu. Estatu Batuetako enbaxadak finantzatzen duela salatu izan dute bere aurkariek.
Salaketa honen oinarria funtzionario eta agentzia estatubatuarrekin duen harremanean, eta batez ere, bere erakundearen finantzaketan dago. Izan ere, Katerik gabeko Emakumezko Kazetariak erakundea 2008tik Demokraziarako Fundazio Nazionalak finantzatzen du -NED siglak, ingelesez-. Hain zuzen ere, 2008tik 2010era bitarte 150.000 dolarreko diru laguntza jaso zuen. Estatubatuarren gobernuak babesten du fundazio hori, baita Ameriketako Estatu Batuetako Nazioarteko Garapenerako Agentzia (USAID), Nazioarteko Institutu Errepublikanoa (IRI), Nazioarteko Arazoetarako Institutu Nazional Demokrata (NDI) eta Freedom House delakoa ere. Frogatuta dago erakunde horiek guztiek udaberri arabiarren iraultza finantzatu eta babestu dutela.
Liberiarrak ere ez dira salaketarik gabe geratu. Liberiako lehendakariaren oposizioak hauteskundeak estatubatuarren laguntzaz irabazi izana leporatu izan dio Ellen Jhonson Sirleafi, hauteskunde iruzurra salatuz. Erbestean Ameriketako Estatu Batuetan bizi izan zen eta herrialde horrekin dituen loturak agerikoak izan dira bere bizitzan eta ibilbidean zehar. Lehendakari kargua hartzean antolatu zuen ekitaldian, besteak beste, Condoleeza Rice eta Laura Bush izan ziren. 2006an AEBetako Kongresuarekin biltzeko eskaera egin zuen, bere herrialdea «Afrikarako eta mundu osorako adibide» bilakatzeko amerikarren laguntza eskatzeko asmoz.