Aizkora Bizkaiko Txapelketa
Atutxa gainditzea izango da gainerakoen helburua
Gaur Larrabetzun 20.00etatik aurrera jokatuko dena kanporaketa izan arren, txapelduna mendean hartzeko gai direla ikusteak, sekulako indarra emango lieke lehian arituko diren gainerako aizkolariei.
Jon LEUNDA
Bizkaiko Aizkolarien Txapelketako kanporaketa jokatuko da gaur Larrabetzun, 20.00etatik aurrera. Sei onenek lortuko dute abenduaren 18an Urdulizen jokatuko den finalean aritzeko txartela. Azken ekitaldi hori 12.30ean hasita jokatuko da.
Atutxa II.a, Larrea, Aldape, Irazabal, Zelai, Garitaonaindia, Mendieta, Intxausti, Lekue, Oregi, Txikon eta Garcia neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak finalean egin beharko duen lanaren erdia egin beharko du gaur, bi kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat moztea, alegia.
Gaurko saioan garrantzitsuena finalerako txartela lortzea izango da, horixe baita lehian arituko diren gehienen helburu nagusia. Atutxa II.a da txapelduna, eta aurtengoa irabazteko ere faborito nagusia da. Beraz, ezeren okerrik ez duela, finalean izateko segurutzat jotzen da bera, baita Larrea ere. Horiekin batera, Irazabalek ere aukera handia du azkeneko ekitaldian izateko, baina hortik aurrera dena nahiko irekia agertzen da.
Urrezko Aizkora
Gaur, 19.00etan hasiko da Binakako Urrezko Aizkora eta Lizarran jokatuko da lehenengo ekinaldia. Lopez eta Erasun Senosiain I.aren eta Senosiain II.aren aurka neurtuko dira hasierako jardunaldi honetan. Orain arte bezalaxe, proba ezberdinak egin beharko dituzte, eta denak batuta denborarik gutxien pasatzen duen bikoteak lortuko du garaipena. Gaur lehiatuko diren aizkolariez gain, Azurmendi-Atutxa, egungo txapeldunak, Otaegi-Otaño, Arrospide-Mugertza II.a, Olasagasti-Txapartegi, Rekondo-Mujika eta Donato eta Ohian Larretxea ere arituko dira aurtengo txapelketan. Lehenengo, multzo ezberdinetan ligaxka eran jokatuko da, eta gero, sailkapenaren arabera sartuko dira azkeneko fasean.