ELKARRIZKETA | aiert goenaga, Durangoko Azokako zuzendari berria
«Azoka oreka bat da, merkatuaren eta herri topaketaren arteko oreka»
Biharamunean, igarotako egun bizi eta koloretsuetako paisaiarekin zerikusirik ez zuen Landako gune isil batean, palet eta kartoizko kaxa artean solas egin genuen Aiert Goenagarekin (Ondarroa, 1981). Langileak stand hutsak biltzen ari ziren eta zuzendariaren sakelakoa (bi sakelakoak, hobeki erranda) jo eta jo ari ziren. Hala ere, patxadaz, bost urterekin gurasoekin bisitatu zuenetik Azoka bizi osoan erreferente izan duela kontatu zigun. Erronka handi bezain motibagarria du orain aitzinean.
Maider IANTZI | DURANGO
Aldaketarako zabalik daudela baieztatu zuen Durangoko Azokako zuzendari berriak, eta azaldu zuen etorkizuneko apustuaren oinarriak jarri dituztela aurtengo edizioan hiru gune berri zabalduz -Irudienea, Szenatokia eta K@abia-. Lan ildo hori jorratzen jarraituko dute, denen artean eskaintza aberasteko eta abiadura bizian aldatzen doan gizarte honen premiei erantzuten asmatzeko.
Nola bizi izan duzu edizio hau?
Berezia izan da, lehendabiziko aldiz bizi izan dudalako Azoka barrutik. Aurtengo helburu nagusia ikastea zen, nire gain hartu behar ditudan erantzukizun horiek ongi betetzeko. Oso gustura ibili naiz eta Jon Irazabalen sekulako laguntza izan dut.
Aldaketak hausnartzen ari zarete, baina zer da, zure ustez, Azokatik sekula aldatu beharko ez litzatekeena?
Azoka oreka bat da, merkatuaren eta herri jai honen topaketaren arteko oreka bat. Biek elkar behar dute. Hori da gure Azokaren esentzia nagusia, jendeak bere egin duen ekitaldi bat dela, baina herriak bere egin duen bitartean, kultur industriak ere bere plaza dauka. Orduan, eskutik joateari derrigorrezkoa deritzot. Hemendik hogei urtera ez dakigu nola izango den, baina hasiera batean behintzat hori ez nuke aldatuko. Beste hainbat gauza ere ez. Hasi berri dugun eredu parte-hartzaile hau, adibidez. Orain dela hogeita bat urte Berbarorekin hasi ziren Haur Literaturaren Txokoa egiten eta orain dela hiru urte Ahotsenea jaio zen. Auzolan kontzeptu hori beharrezkoa da, krisia dela-eta gehiago. Dena ez dago fakturatzerik, hori argi daukagu, eta hori aintzat hartuta, askoz aberasgarriagoa ere bada auzolan eredu horretan sartzea, ez delako subkontrata bat, ez da kontzeptu hori, baizik eta datorrenak sinestu egiten du proiektu honetan, ekarpena egin nahi du eta bere eguneroko lana plazaratu egin nahi du. Hurbildu egiten da, Azokaren antolaketan parte hartzen du eta azken finean atxikimendu hori handiago bihurtzen da. Hori da nabarmenduko nukeena: bi errealitateren ezkontza, alde batetik, eta bigarren aldea, auzolana. Honi eustea soilik ez, indartzea ere lortu behar dugu.
Jada ari zarete pixka bat, ezta?
Bai, eta aurten izan da eredurik nabarmenena. Hiru gune berriak zabaltzeko Udako Euskal Unibertsitatea, Topagunea eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea izan ditugu lagun, eta hortxe ikusi dugu elkarlanarekin, auzolan honekin, modu natural batean eta ezer behartu gabe, oso emaitza onak lortu ditugula. Horrek animatu egiten gaitu.
Noiz hasi zineten estrategia berrien inguruan pentsatzen?
Orain plangintza estrategiko bat gorpuztera goaz eta hilabeteotan indartu egin dugu hausnarketa, beste eragileetara zabaldu ere bai. 2011 da gogoeta honen urte indartsuena, aurten gauza batzuk beste era batera egin direlako, baina ni sartu aurretik zebiltzan hausnartzen; are gehiago, hausnarketa etengabea izan da. Urte batzuetan ez ziren hainbeste igartzen hausnarketa horren emaitzak, formatuak oso antzekoak ziren 80ko hamarkadan zein 90ekoan. Gaur egun ez. Orain gizartea azkarrago doa, teknologia berriak are gehiago, eta guk ere egokitu egin behar dugu. Argi dugu gure plan estrategikoa bizia izango dela, beti dagoelako zer hobetu eta aldatu eta esperientziak erakutsiko digulako hartu dugun bidea zuzena ala okerra den. Balorazioa berezkoa izango da, emaitzak naturalki ikusiko dira.
Plangintza malgua izanen da.
Izan behar duen bezala, egun gizarteak hori eskatzen duelako, premia ezberdinei erantzuteko.
Datorren urtean Azoka erabat desberdina ikusiko dugu ala pixkanaka sumatuko ditugu aldaketak?
Prozesu naturalak berez pixkanakako aldaketa beharko luke. Akaso eraikin honi begiratuz -Azokako eraikin nagusiari- ez dugu aldaketa handirik egin, baina hiru gune berri daude. Bakoitzak bere ikuspuntutik, gehiago edo gutxiago baloratuko ditu aldaketa horiek. Baina garbi daukagu zer garen: langileak gara, talde txiki bat gara, baliabide mugatuak ditugu eta auzolana ere modu naturalean bultzatu behar da eta horrek denbora bat behar du: jendeak elkar ezagutu, lan dinamika batzuk sortu, horiek hobetzen joan eta hori guztia plazaratu edo gorpuzten joan. Ideiak mila ditugu buruan eta otsailean beste irizpide batzuk izango ditugu hitz egiteko. Esan duguna, talde txiki bat gara eta ez dugu itoko gaituen jauzirik eman nahi. Pausoz pauso joango gara eta salto handiren bat eman behar bada urteren batean salto segurua izango da.
Liburu eta diskoez gain, beste kultur esparruetara zabaltzea da aldaketaren ildo bat.
Hiru gune berriekin teknologia berrietara, antzerkira eta ikus-entzunezkoetara zabaltzen hasi gara. Esperientzia oso politak egin ditugu, esperimentazioak, eta gustura gaude. Ez dugu baztertzen hurrengo urtean, hauez gain, gune gehiago zabaltzea, baina ez gara lasterketa batean sartuko. 46 urte ditu Azokak eta itxaropena dugu hau kate luze bat izateko. Hor denbora badago gauzak lasai-lasai egiteko.
«Sorkuntza ez dago krisian; sekulako zenbakiak ditugu»
Aurtengo Azokaren balantze ona egin duzue. Baina data arraroak eta krisia zirela-eta aurreikuspenak txikiagoak zirelako ala egiaz joan dira ongi gauzak?
Balantzea oso ona izan da. Salmenten aldetik, ez naiz jende guztiarekin egon, baina batzuekin bai eta garbi zuten aurten iaz baino gutxiago saltzera zetozela. Aurreikusita zituzten salmentak bete egin dituzte, batzuek ongi gainera, eta emaitzak onak dira. Beldur ginen jende aldetik nola ibiliko ginen, baina azkenean 130.000 bisitari pasa izan ditugu eta kopuru inportantea da. Aurten jarri ditugu lehendabizikoz kamera termikoak eta erreferentzia bat hartu dugu hurrengo urteekin konparatzeko. Antolaketaren aldetik ere helburuak bete ditugu, gurekin eskutik etorri direnak pozik geratu dira, baita publikoa ere. Oso sentsazio positiboak sumatu ditugu.
«Euskal sorkuntza ez dago krisian», idatzi du Gotzon Barandiaranek. Ados al zaude?
Guztiz bat nator horrekin: krisia ez dago sorkuntzan. Nobedadea urritik honako produkzioa da eta ekoizpen horretan literaturan 313 bat lan izan ditugu eta musikan 63 disko. Herri txiki bat gara, euskal hiztunak are gutxiago gara eta ikaragarrizko zenbakiak ditugu, harro egoteko modukoak. Gainera, sorkuntza kanpoan geratzen den guztia ere bada.
Balorazioa plazaratzean aipatu zenuten ez dela normala halako Azoka Gerediaga bezalako elkarte xume batek antolatzea.
Bai, arraroa da. Gerediagak hamaika bidelagun izan ditu, baina bera izan da erronka honen lidergoa hartu duena. Ez gara adituak alor guztietan eta ihes egiten digun hainbat informazio baliagarri dago, hainbat esperientzia eta jende sekulako lana egiten duena egunero. Beraien ekarpenak guretzako sekulako balio erantsia dira eta horretarako ari gara eredu parte-hartzailea bultzatzen. Denok, erakunde, norbanako, kazetari, guztiok Azoka indartzeko egin behar dugu apustua, alboratu gabe beste proiektu interesgarri ugari dagoela. Ez diogu inori indarrik xurgatu nahi, baizik eta indarrak batu. M. I.