GARA > Idatzia > Kultura

Hiru dantzari beterano eta beraien oroitzapenak, Baionan sarituak

Dantza mundua ohoratu nahi izan du Eusko Ikaskuntzak, Baionako Herriko Etxearekin banatzen dituen sarien bidez. Atzo egin zuten sari banaketa, eta «Oroitzen naiz» ikuskizuneko Koldo Zabala, Philippe Oihanburu eta Jean Nesprias dantzariei ohorezko makila eman zieten. Sari nagusia Marie Pourquiek jaso zuen neuropsikolinguistikan egindako tesiagatik, eta azkenik, Ramuntxo Garbizuk Baionako portuko kutsadurari buruz eginiko dokumentala saritu zuten.

p044_f02.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Eusko Ikaskuntza eta Baionako Herriko Etxeak urtero banatzen dituzten sarien berri -bi sari nagusi eta hirugarrena ohorezkoa- eman zuten atzo. Euskal kulturaren eta euskararen alorra lantzen duten ikertzaile eta artistei eskainia zaizkie sari horiek urtero. Atzo, usaian ez bezala, bost saritu elkartu ziren Baionan.

Herriko etxean bilduak ziren ehun bat lagunen aitzinean, lehen-lehenik ohorezko sariak banatu zituzten. Euskal dantza munduan arras ezagunak diren Jean Nesprias (84 urte), Koldo Zabala (75 urte) eta Philippe Oihanburu (90 urte) dantzariei eskaini zizkieten ohorezko makilak. Malandain Biarritz Balletaren eta Euskal Kultur Erakundearen (EKE) arteko lankidetzaren emaitza izan da Michel Theret koreografoak berriki sorturiko «Je me souviens... Oroitzen naiz... Recuerdo...» ikusgarria. Eta horren bidez, adin handiko hiru dantzari apart elkartu dira. Hiruren bizitza gogora ekarri nahi izan zuen Jean Michel Larrasquet Eusko Ikaskuntzako lehendakariak atzo, sariarekin urteetan egindako lana goraipatu nahi izan dutela gaineratu zuelarik.

Koldo Zabala, dantzari familia batean sortua, 1947an sartu zen Oldarra Balletean, eta lau koreografien sortzailea da. Besteak beste, 1950ean Alexandre Volininen ikaslea izan zen Parisen.

Nesprias dantzari, koreografo eta txistularia izan da. Olaetaren ikasle izan ondoren, Baionako Orai Bat eta Erro Bat dantza taldeak sortu zituen.

Azkenik, Oihanburuk 1942an hasi zuen bere dantzari karrera Olaetaren ikasle gisa. Munduan zehar ibilia izan da Etorki eta Oldarra balletekin. Dantzaria izateaz gain, kantuak eta liburuak idatzi dituela ere nabarmendu zuten atzo. Hiru dantzariek, eskerrak emateko orduan, Michel Theretekin eramandako lana goraipatu zuten.

«Dantzarien gorputzaren zahartzearen gaia, gorputzaren memoriarena bezainbat, sorkuntza honen muinean kokatu dira», hori da ikuskizun honen gakoa, koreografoaren hitzetan. Ikusgarria Euskal Herriko hainbat antzokitan aurkeztua izan da. Datorren martxoaren 3an Bilbon izango da.

Aditzak eta portua

Bi sari nagusiak, berriz, eremu oso ezberdinetara joan ziren. Lehen sari nagusia, zientzia edo kultur lan bat edo unibertsitateko tesi bat laguntzeko eskaini ohi du Eusko Ikaskuntzak. Aurten, Marie Pourquie ikerlariak eskuratu du neuropsikolingistika sailean landuriko tesiari esker. «Approche neuropsycholinguistique du traitement des verbes dans l'aphasie agrammatique. Etude translinguistique de cas: basque-français» izenburua daukan tesiak euskararen eremuan sekula landu izan ez den gai bat jorratzen duela nabarmendu zuen, bere aldetik, Beñat Oiharzabal Eusko Ikaskuntzako ordezkariak. «Ikerketa lan horrek, teoria zientifikoa aberasteaz gain, hizkuntzaren patologiak sufritzen dituzten elebidunei bi hizkuntzetan aztertuak eta tratatuak izateko parada sortuko luke, ikerketa ortofonikoa oraindik garatzekoa baita Euskal Herrian eta euskaraz», nabarmendu zuen.

Ramuntxo Garbizu kazetariak jaso zuen beste saria. CADE kolektiboarekin batera salaketa lan bat egiteaz arduratu da Garbizu azken urteotan, Baionako portuan dagoen Fertiladour enpresan aurkitu den erradiaktibitateaz ohartarazteko. Ondorioz, Baionako portuari buruzko dokumentala landu du, eta hori dute saritu atzo.

Sariak

Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria sariketak 2.500 euro, 1.200 eta 300 euroko diru ekarpena egin die saridunei, hurrenez hurren, unibertsitate lanari, dokumentalari eta ohorezko aipamenari. Atzokoa Marie Pourquieri Eusko Ikaskuntzak eskaini dion bigarren saria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo