komikia
Beste generoak
Asun AGIRIANO
Gai konplexua da gazteen irakurzaletasunarena. Liburuek zergatik motibatzen dituzte gutxiago gazteak? Zer gomendatu eta zein estrategia jarraitu irakurle nerabearekin? Liburu guztien artean, zein da egokia edota gomendagarria irakurtzeko ohitura jaisten den adin-tarte horretan?
Gazteak, beste edozein irakurlek bezala, kalitatezko liburuak nahi izaten ditu, eta puntu hau ere korapilatsua gertatzen da, ezen zer ulertzen dugu kalitateaz ari garela? Besterik gabe, asmatzeko modu bat gazteen gustu eta interesetatik gertu egon daitezkeen istorioak helaraztea izan daiteke.
Aukeraketarekin asmatzeko, bitartekari lanak egiten ditugunok ikasi behar dugu, batetik, gai edo generoei dagokienez, liburu mota ezberdinak eskaintzen, euren bizipen pertsonaletatik gertu dauden istorioak bilatzen. Eta, bestetik, literatura aldetik, bizkorgarriak diren obrak eskura jartzen, hazibidean dauden irakurzaleentzat erronka edo desafioa izango direnak.
Irakurketa berbabide dugunean, itxura batean, genero guztiek dute balio bera. Alabaina, eguneroko praktikan, narrazioak izaten du garrantzirik handiena, nahiz eta komikiak eta aldizkariak ere badiren, irakurketara hurbiltzeko zeresan handia izan dezaketenak eta gai ugari jorratzen dituztenak (musika, zinea, zientzia-fikzioa, abentura, umorea...). Ate guztiek eraman gaitzakete irakurketaren mundura.
Euskal liburugintzan, nabarmen ahul dagoen generoa dugu komikiarena. Euskal komikia badela baieztatzea, urtean pare bat edo hiru ale argitaratzen direnean, larregi esatea litzateke. Horregatik egiatik gertuago ginateke esango bagenu komikiak egin nahi dituzten euskal komikigileak badirela, baina apenas dutela aukerarik euren lanak Euskal Herrian argitaratzeko.
Horregatik, pozgarria da Ikastolen Elkartearen eskutik dagoen konpromisoa sikiera urtean komiki-ale pare bat kaleratzeko. Horregatik, pozgarria da «Xabiroi» euskarazko komiki-aldizkariak urtean hirutan irautea. Eta hori, hain zuzen ere, euskal liburugintzaren sustatzaile nagusiek komikiari begiratzen ez dioten bitartean...
Sarrera luze honek aukera ematen digu gazteentzako, eta baita helduentzako ere, ezin aproposagoa den komiki berri bat aurkezteko, eskarmentu zabala duen Iban Zaldua idazleak sortutako kontakizun bati kasu egiteko. Zientzia-fikziozko istorio beltz bikaina sortu dute elkarlanean aipatutako idazleak eta Julen Ribas marrazkilari arrasatearrak.
Asmatu eta berrasmatu du Iban Zalduak Philip K. Dick zientzia-fikziozko egile ezagunaren eragina duen kontakizun hau, non irudikatzen den naziek Bigarren Mundu Gerra irabazi balute etorriko zitzaigun gizartea. Gidoi lana sendoa eta landua dugu, egileak atmosfera berezi eta paisaia berriak asmatzeko duen trebeziari esker. Harrigarria da pertsonaiek hartzen duten pisua eta sinesgarritasuna. Izan ere, istorioko emakumeak zein gizonak oso gertukoak egingo zaizkigu eta 2052. urtean kokatuta egon arren, oso etorkizun posiblea iruditzen zaigu aurkeztutako panorama. Irakurleak ez du oztoporik Sigrid tenientearen arazoak ulertzeko, idazleak dagoeneko bere liburuetan berezko dituen harreman pertsonal gatazkatsuen osagai interesgarria erabiltzen duenean. Eguneroko bizitzan aurrera egitea amets duten epikarik gabeko heroi galduek, euren errealismogatik, egonezina sortzen dute. Kontakizunak erakusten digu gidoiaren atzean idazle sena duen egile bat dugula, Zalduak narraziorako berebiziko indarra duela, komiki-hizkuntza ere ondo menperatzen duela erakusten digun moduan.
Ribasek egin duen lana mundiala da; istorioan murgildu, eta marrazkien bitartez, komikiari erritmo bizia ematea lortu du, etorkizuneko giroa xehetasun handiz islatu du. «Linea argia» delakoan koka daitekeen estiloan izugarri ona den lan bat erakusten digu. Haurren mundutik gertuago zeuden Numenak istorio haien aldean, haratago joan da Ribas, garatuagoa den marrazki lan indartsua eskaintzen baitigu oraingo honetan Ribasek.
Komikiaren oraina baikorragoa da «Azken garaipena» bezalako liburuekin. Bi egileek, Ribasek eta Zalduak, ziurtatu dute etorkizuna egon egon daitekeela, bien talentuak elkartu eta adostasuna eta lankidetza bikain erakutsi baitute. Komiki borobila da zentzu guztietan, edizioan ere bai, luxuzkoa den aldetik. Bien lanari esker, irakurlea harrapatu egingo dute, gogoan iltzatuta geratuko zaion komikia delako.