GARA > Idatzia > Euskal Herria

Santa Lutzi, oroitzapenen eta zuzeneko salmentaren gordailu

Mendeetan atzera egin behar da Urretxu eta Zumarragako Santa Lutzi feriaren sorrera ezagutzeko. Hainbeste, non ez dagoen haren historia osoa jasotzen duen dokumenturik. Hamaika dira, halere, herritarren oroitzapenak, inork ez baitu hutsik egiten. Feriak bihar irekiko ditu «ateak», barazkiz, frutaz, gaztaz edo eztiz betetako 457 postuekin. Saltoki txiki bakoitzean ikusgai izango da, hain zuzen, azokaren funtsetako bat: ekoizlearen eta bezeroaren arteko harreman zuzena.

p014_f02.jpg

GARA |

«Mota guztietako ganadua egoten zen: ardiak, behiak, kapoiak... Valentziatik tratulari asko iristen ziren. Egun batzuk lehenago etortzen ziren, trenez. Feria hasi baino bi edo hiru egun lehenago jendez bor-bor egoten zen [Zumarraga]». Handik Euskal Herrira moxalen bila etortzen omen ziren, «txikiak eta onak zirelako, naranjondoetan lan egiteko». Begirada atzera botata, hala oroitzen dute Santa Lutzi feria Zumarragako plazan zegoen Mordo tabernako Maria Teresa eta Josetxo Etxaniz anai-arrebek. Bai Zumarragak, baita Urretxuk ere, neguko azoketan lehenengoa den honen beste edizio bat izango dute bihar, Santa Lutzi egunean.

Jaio zenetik gaur egunera bitartean azoka aldatu egin da ezinbestean; Gipuzkoako bi herri hauek aldatu diren bezala. Garaiak agintzen du. Funtsa berbera da, ordea, eta bertako kaleetan geure lurretako produktu onenak topatuko ditugu orain ere: fruta, barazkiak, eztia... baita euskal tradiziori estuki lotuta dauden artisautza lanak ere.

Donostiako Santo Tomas feria etortzen zen ondoren, baina lehendabizi Santa Lutzira eramaten ziren abere eta jaki onenak. Hain zuzen, lehenengo honetan saritzen zen kapoia hiriburuko feria handira eramaten zela oroitzen dute etxaniztarrek.

Zuzeneko salmenta

Hasietan «peria Ezkioko Santa Lutzi elizaren inguruan» egiten zela kontatu du Mikel Serrano Zumarragako alkateak, baina 1727an Urretxura igo zuten. Ezkio-Itsasoko webgunean azaltzen dutenez, Iruñeko gotzainaren ekimenez lekuz aldatu zuten feria, gizon-emakumeek gaua ermitan igarotzen zutela ohartu zelako. Hori ikusita, azoka bertan egitea debekatu zuen. Gipuzkoako Batzar Nagusiek arrazoia eman zioten, eta Urretxuri eman zioten feria antolatzeko eskumena. 1966tik geroztik Zumarragarekin batera antolatzen du.

Hitzordua, bertako herritarrentzat ez ezik, gipuzkoar eta euskal herritarrentzat ere erreferentzia dela iritzi dio alkateak. Bere kalkuluen arabera, bihar 70.000 lagun inguru gerturatuko dira postuz postu kuxkuxean ibili eta erostera. Laneguna izan arren, Serranok aurreratu zuen eskola askok aprobetxatuko dutela azokara inguratu eta hainbat gauza ikusi eta ikasteko, eta beste askok, berriz, jaieguna eskatu dutela euren lantokietan. Bertaratze marka hautsi ahal izateko eguraldia izaten da ezinbesteko osagaia, eguzkiak horretan asko laguntzen baitu.

Garai batean bezeroaren eta ekoizlearen arteko harreman zuzena ohikoa zen. Garai moderno hauetan, ordea, salerosketa mota hori gero eta ahulagoa da, ekoizle txikiek azalera handiekin lehiatu behar baitute. Are gehiago krisi garaietan, kontsumitzaileak prezioa arreta handiagoaz begiratzera behartuta baitaude. Halako azokek, hain justu, zuzeneko harreman hori indartzen laguntzen dute, baina kontsumo mota hau urte osoan zehar mantentzea garrantzitsua da, Serranoren aburuz.

Orotara 457 postu egongo dira, 9.00etatik 14.00etara. Hortik aurrera, eta gotzaimak debekatzen ez badu, gizon etaemakumeek eguna ermitan amaitu ahal izango dute.

ARDO-DASTAtzea

Santa Lutzi feria bihar izango da ,baina gaur XX. ardo-dastatze lehiaketa izango dute Urretxun. Arabako Errioxako ardoa dastatzeko aukera ere bai, gaur 18.00etatik 21.00etara eta bihar 9.00etatik 16.30era.

GARRAIO PUBLIKOA

Garraio publikoa erabiltzea oso garrantzitsua dela adierazi zuen Serranok. Autoak herrietan pilatu ez daitezen eta «elkarbizitza errazteko», Renfek eta EuskoTrenek zerbitzu bereziak jarriko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo