GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ITSASOA

Triple Crown 2011: Hirugarren proba kolosala izan da

Hiru txapelketek osatzen duten Triple Crown zirkuituak amaiera ezin hobea izan du, Pipelineko olatuek marka guztiak hautsi dituzte.

p046_f01_148x176.jpg

p046_f02_199x173.jpg

p046_f03_148x96.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Amaitu da aurtengo Triple Crown zirkuitua. Lehen bi txapelketetan, Haleiwa eta Sunseten, ez zen itsaski handirik izan, baina zirkuituko azken proba, Pipelinekoa, itzelezkoa izan da.

Aspaldiko partez, Pipelinen sekulako olatuak izan dira, eta ondorioz, ikuskizuna paregabea izan da. Agerian geratu da zergatik den munduko leku arriskutsuenetako bat. Lehen egunean olatuak oso handiak ziren eta ia lehiakide guztiek aitortu zuten beldur zirela.

TRIPLE CROWN

Hiru txapelketek osatzen duten zirkuitu txikia da Triple Crown entzutetsua. Oahu uharteko iparraldean aurkitzen da munduko olatu bortitzenetakoak dituen eremua. Kilometro oso gutxian surf egiteko leku bikain ugari biltzen dituen eremua North Shore izenarekin bataiatu zuten surflariek.

Haleiwa, Sunset eta Pipeline Banzai dira zirkuitu labur hau osatzeko aukeratutako lekuak. Lehen bi txapelketek QWS kategoria dute, eta, azkena, Pipeline Banzai olatu famatuan egiten dena, WCT zirkuituko azken proba da. Beraz, maila goreneko txapelketek osatzen dute zirkuitu txiki hau, eta, ondorioz, noski, garrantzi handia du. Hiru probetan emaitza onenak lortzen dituen surflariak jasotzen du surflarien artean estimu handikoa den Tiple Crown koroa.

Hawaiin egin zuten mundu mailako lehen txapelketa Makahan egin zuten, 1954. urtean, Makaha International Surfing Championship. Garai hartan Waiki eta Makaha ziren Oahu irlako surf gune nagusiak. Azaroan edo abenduan, urtero egiten zuten txapelketa hau eta 1971. urtean munduko txapelketa egin zuten, baina ez zen ofiziala izan.

Makahan txapelketak egiten zituzten artean, gauza asko ari zen gertatzen surf munduan, asmakizun eta aldaketa asko gertatu ziren garaia zen. Taula motzak agertu zirenean olatu zailagoak hartzeko aukera zabaldu zen eta orduan hasi ziren surflariak Makahatik harago, irlaren iparraldeko olatu bortitzetan lehen saiakerak egiten. Oahu irlako iparraldea North Shore izenaz bataiatu eta mundu osoko surflarientzako erreferentzia nagusi bilakatu zen garaia izan zen hura. 1970ean, surflari ororen obsesioa tuboa zen eta Oahu irlaren iparraldean, tuboen paradisua topatu zuten.

1971n, Fred Hegmmingsek munduko surf txapeldun titulua birritan irabazi zuen (1964an Perun, eta 1968an Puerto Ricon) surflari hawaiiar ospetsuak Hawaiian Masters txapelketa antolatu zuen Pipelinen. Urte horretan bertan hartu zuten lehenengoz olatu bat Pipelinen (Phil Edwards) eta denbora tarte oso laburrean sekulako izena hartu zuen itsasertz eder hark. Pipeline Banzai deitu zioten olatu beldurgarri hari.

Lehen txapelketa oso apala izan zen, egitura oso gutxi behar izan zuten; mahai txiki bat, hamar aulki tolesgarri, sei surflari (kontuan izan oraindik jendea ez zela han surf egiten ausartzen) eta mila dolar saritan banatzeko. Hurrengo urteetan Pipe Masters izena hartu zuen txapelketa honek eta 1983. urtean beste urrats bat eman zuten. North Shoreko hiru olatu desberdin bilduko zituen zirkuitu bat egitea erabaki zuten. Horrela sortu zen Triple Crown zirkuitua.

PIPELINE BANZAI

Pipeline munduko olaturik hoberenetako bat da, baina arriskutsuenetakoa ere bai. Surflari gehien hil diren urautsia da. Olatuen tamainaren eta itsaskiaren norabidearen arabera asko aldatzen da olatua, baina arriskua iraunkorra da, olatua hondo gutxiko eremuan lehertzen baita, koral zorrotzaren gainean, eta indar handia dauka.

Hasieran soilik Pipelinen egiten zen surf, hau da, olatuaren ezkerraldean (itsasotik lehorrera begiratuta). Denborarekin surflariak eskuinaldean ere surf egiten hasi ziren eta Pipelineren «atzeko atea» deitu zioten horri, backdoor. Beraz, olatu berean ezkerraldera joanez gero, Pipeline da eta eskuinaldera joanez gero, berriz, Backdoor.

Pipelinek hiru urautsi edo arrezife dauzka. Lehen urautsia olatuek metro bat edo bi metroko altuera dutenean lehertzen da. Urertzetik oso gertu hausten da olatua, bi aldeetara, ezker-eskuin, baina batez ere eskuinaldeak (Backdoor) ematen du joko gehien. Jaitsiera zaileko olatua izaten da, oso azkarra da eta askotan itxi egiten du, beraz, maila handia izatea eskatzen duen olatua da.

Bigarren urautsia olatuek hiru eta lau metroko altuera dutenean lehertzen da. Tamaina honekin olatua bere onenean egoten da. Jaitsiera oso zaila izaten da, sakonera eta ur gutxiko leku arriskutsua bilakatzen da, baina tubo bikainak sortzen dira. Gainera, olatuak bi aldeetara jotzeko aukera ematen du, bai Backdoorrera, baita Pipelinera ere.

Hirugarrena, urertzetik urrunen aurkitzen dena da, olatuak oso handiak direnean bakarrik lehertzen da, lau metro baino gehiagoko olatuekin alegia. Jaitsiera bertikala izaten da, baina beste bi urautsietan baino errazagoa da eta olatua bigarren arrezifera iristean itzelezko tuboa eratzen da.

Hirugarren arrezife honetan olatuak lehertzen diren egunetan oso gutxitan ikusten dira surflariak eskuinaldean surf egiten (Backdoorren); izan ere, ez dute olatu guztiek irekitzen eta gainera itzuleran olatu handi batek azpian harrapatzeko aukera ia ziurra da.

Azken txapelketan hiru arrezifeak dastatu ahal izan dituzte lehiakideek, olatu handiak izan baitira. Profesionalek erakutsi egin behar izan dute zergatik diren profesionalak. Maila handiko surflariek beren burua neurtzeko leku aproposa da Pipeline, eta ikusleek gozatzeko leku bikaina ere bada, olatua urertzetik oso gertu lehertzen baita.

IZARRAK

Aurtengoan, dudarik gabe John John Florence izan da izarra. Triple Crown zirkuituko lehen txapelketa, Haleiwakoa, Taj Burrow australiarrak irabazi zuen. Bigarrena berriz, Sunsetekoa, John John Florencek eta orduan begi guztiak berari so jarri ziren.

Pipelinen beste guztien gainetik zegoela erakutsi zuen, batez ere lehen egunean, olatuak handiak eta baldintzak muturrekoak zirenean. Lehiakide gehienek urduri eta asko arriskatu gabe egin zuten surf, baina Florence lasai eta ziur zegoen eta hori olatua hartutakoan garden ikusten zen.

Florence hawaiiarra da eta bere sendia oso ezaguna da, bai Hawaiin, baita handik kanpo ere. 19 urterekin, hiru anaietatik zaharrena da John. Ama surflari aparta da, baita bere bi anaia gazteak ere. Gaztetasunak ez die Pipelineko olatuetan sartzea eragozten, ordea. John, 2005ean, hamahiru urte besterik ez zituenean, Pipelineko munduko txapelketan parte hartzera gonbidatu zuten. Munduko lekurik arriskutsuenetako batean, munduko surflaririk onenekin, lehian jardun zuen. Pipeline Triple Crown txapelketan parte hartu duen surflari gazteena da, eta urtarrilean Backdoor Shootout txapelketa ere berak irabazi zuen.

Florence ez zen finalera iritsi Pipelinen, Kellyk kaleratu zuen final-laurdenetan, olatuak askoz ere txikiagoak zirenean. Azkenean Kieren Perrow australiarrak irabazi zuen Pipelineko txapela, baina Triple Crown koroa, John John Florencek irabazi zuen, hiru probetan puntu gehien berak batu baitzituen. Modu horretan, koro hau irabazi duen surflari gazteenaren marka ere hautsi du. Dudarik gabe, berak eman du ikuskizun ederrena, eta azkenean, ongi merezitako koroa eskuratu du.

Arriskutsua

Pipeline munduko olaturik hoberenetako bat da, baina arriskutsuenetakoa ere bai. Surflari gehien hil diren urautsia da. Olatua sakonera gutxiko eremuan indartsu lehertzen da, koral zorrotzaren gainean. Surflariak bere burua neurtzeko lekua da.

pipe masters

Pipelineko lehen txapelketak Hawaiian Masters izena zuen. 1971n egin zen eta oso apala izan zen; mahai bat, hamar aulki eta mila dolar saritan. 1983an Triple Crown zirkuitua osatu zuten eta ordurako Pipe Masters izena zuen txapelketa garrantzitsu honek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo