GARA > Idatzia > Euskal Herria

Airearen kalitatea 2010ean EAEn «ona edo onargarria» izan zela esan du Lakuak

Urteko egunen %99an, EAEn airearen kalitatea «ona edo onargarria» izan zen 2010ean, Lakuako Gobernuak jakinarazi duenez, hiru herrialdeetan banatuta dauden 66 neurgailuen emaitzetan oinarrituta.

p012_f02_97x108.jpg

GARA | BILBO

Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako geografian zabalduta airearen kalitatea neurtzen duten 66 kabinek 2010. urtean jaso zituzten emaitzen berri eman zuen atzo Lakuako Gobernuak. Datuon arabera, pasa den urtean ia egunero (%99an) airearen kalitatea «ona edo onargarria» izan zen Hego Euskal Herriko hiru herrialde horietan.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeatzen ditu indizeok, eta adierazitakoaren arabera, «joera egokia mantendu egin da eta hobera egin du» azken urteetan. Lopezen Exekutiboak dioenez, «EAEn arnasten den aireak bete egiten ditu indarrean dagoen legerian finkatuta kalitate baldintzak, Europako jarraibideetatik eratorriak».

2010ean izan ziren (NO2) nitrogeno dioxidoaren kontzentrazioari dagokienez, orduko balio muga ez da gainditu EAEko neurgailuetan, eta «partikula esekien kasuan, beherako bilakaera egon da» azken urteetan, bai hiru hiriburuetan, bai gainontzeko guneetan. Gaineratu dutenez, airearen kalitatea neurtzeko estazio batek baino ez zuen muga gainditu 2010ean, baina inguruan egiten ari ziren lanen ondorioz izan zen.

Airearen kalitatea zaintzeko, kutsadura atmosferikoari buruzko diagnostikoetan edota inguru zehatzetan airearen kalitatea neurtzeko lanetan ardura berezia hartu zuen 2010ean Pilar Unzaluk zuzentzen duen sailak. Horrekin batera, hainbat kanpaina jarri zituzten martxan unitate mugikorren bidez, gerta zitezkeen gorabeherei erantzuteko, Lakuak argitu duenez.

Bestalde, Ingurumen Sailak kadmio, burdina edota artsenikoa bezalako metal astunak neurtzeko tresnak aktibatu zituela esan du, eta udalekin eta enpresekin izandako ekimenak nabarmendu ditu, bai diru laguntzak banatzeko, bai arazteko sistemen hobekuntzan.

Ingurumena babesteko inbertsioetarako enpresei emandako laguntzen deialdiari dagokionez, 2010ean hemezortzi proiektu finantzatu zituztela esan du, eta horrek atmosferan gas kutsatzaileen emisioen murrizketa nabaria ekarriko duela adierazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo