GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

«Los hijos de las tinieblas»

«Entorno» bere momentuan iradokitzailea izan bazen ere, orain geure burua banpiro, likantropo, deabru, sorgin eta gaueko bestelako izaki artean imajinatzeak ez dauka preziorik

Tokian siku, zur eta lur; telebistako famoso espainolen batek esango lukeen modura, atonita y estumefacta utzi nau gure Rositak esaldi bibliko horrekin. Bai, badakizue, Amaiurreko ordezkariak Madrileko kongresuan, «los hijos de las tinieblas son más listos que los hijos de la luz», alegia.

Idatzi santua errepasatzen imajinatzen dut, esaldirik egokiena aukeratzen, bere gogoan batzuk adar eta buztan marrazturik, bere buruari hegaltxo luma zuridunak hazten zitzaizkiola ikusi bitartean. Horrela imajinatuko nuke, esaldi borobila PPko batek bilkura hasieran botatakotik kopiatua ez balitz. Bai, «argiaren alaba» honek irudimen-argitasun txiki, plagio-arintasun handi. Egia esan, modu askotan deitu izan digute urte luze hauetan zehar eta onartu behar ez dela inondik inora lan makala. Ez ditut adibide guztiak hona ekarriko, denak, destainak barne, ondo jakinak direlako. Hala ere, goitizen honek, benetan, hemendik aurrera txoko berezi bat beteko du nire bihotzean. «Entorno» bere momentuan iradokitzailea izan bazen ere, orain geure burua banpiro, likantropo, deabru, sorgin eta gaueko bestelako izaki artean imajinatzeak preziorik ez dauka-eta.

Ilusioa eta dena egiten dit, ez pentsa. Badakit zenbaitek graziarik ez diotela ikusiko inondik, baina ukitu ilun eta siniestroa daukagunontzat benetan aukera anitzak zabaltzen ditu. Demagun, esaterako, orain baten batek ideia jaso eta garatzen duela. Benetan arrakastatsua izango litzatekeen beldurrezko pelikula egin lezake, adibidez. Pentsa: Iñaki bizar luze-luzeaz eta atzapar iletsuekin; Maite gasazko jantzi zuri baporosoaz, odola ahotik tantaka; Iker makurturik, patata soloan zerbait edo norbait lurperatzen, eta Sabino basoan ezkutaturik, erasotzeko unearen zain. B seriekoa balitz filma, hobeto.

Baina bai, buru argiak bagara. Eta ederrak, eta sinpatikoak, eta galantak eta graziosoak, bueno, beharbada ez denak, ez gara pasatuko, baina listoak bai. Horretan ez da sekula zalantzarik egon. Eta hainbat arrazoi daude seguruenik horretarako, baina inportanteena, akaso, geure burua, geure denbora, geure indarra helburu bati begira dauzkagula beti: Euskal Herri independente eta sozialista eratzea.

Zailtasunak zailtasun, eztabaidak eta, batzuetan, asmo ezberdinek talka egin arren, beti topatu dugu elkar, bidean elkar topatzera behartuta gaudelako. Helburu batek batu eta helburu horrexek bidea argitu. Nahiz eta lanbro artean eta ilunpean edo «tiniebletan» egitera beharturik egon. Iparrorratzari heldu, iparrik gabeko hainbat orratzek inguraturik. Horregatik ematen diegu, antza, hainbesteko beldurra.

Beste batzuk, ostera, kezkatuago dabiltza aspaldiko partez toki propio baten bila. Ez ideario politiko bat defendatzeko -hori bigarren mailako kontua da, apur bat hemendik, beste apur bat hortik-, baizik eta komunikabideetan toki fisikoaren bila, berezko kolore arrosa eta guzti duen alderdi politiko bitartez bada ere. Fokuen argiak argiturik argitasunaren kumea.

Ai, gure «ilunpeko seme-alabengan» pentsatzen dudanean, «argitasuneko» otso eta basapiztien kobazuloan sartuta...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo