GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Urruneko hotel batean

 

Gaur ere egokitu zaizu urruneko hotel batean pasatzea gaua eta, beste askotan bezala, lau pauso emanda erraz hartu diozu neurria gelari. Dotore edo kutre, guztiek dute oinarrizkoa: ohea, mahaia, aulkia, telebista eta komuna. Maleta lurrean utzi bezain pronto ordenagailua piztu duzu sarerako konexioa ziurtatzearren. Internet ba ote dabilkizun jakin arte, ez duzu mugituko maleta, balitekeelako gelaz edo hotelez aldatu beharra. Sarean zaudela frogatu ondoren, entxufeen bila aritu zara lanean non jarri erabakitzeko. Beste hainbat hoteletan bezala, sentipen kontrajarria duzu, urruneko usainarekin nahasten den zapore gazi-goxoa, askatasunez eta bakardadez osatua. Poza, heldu nahi zenuen lekuraino heldu zarelako. Zalantza, gutxien espero duzunean betiko galderak asaldatuko zaituelako: «Zer demontre egiten dut nik hemen, bakarrik, etxetik hain urrun?».

Ordenagailuak ekartzen dizkizu etxeko albisteak, gaur ere auto-ilarak Avanzadan, egunero bezala; haize bolada ikaragarriak kostaldean, zazpi metroko olatuak gutxienez; Kongresuan margaritari hostoak kentzen ari dira erabaki arte zer egin independentisten taldearekin; kartzela berria zabaldu dute Araban eta gaiak espektatibak zabaldu ditu senideen artean. Etxekoekin mintza zaitezke, bankuko kontuak kontrolpean eduki, hurrengo egunetan ere bero zapladak segituko duela egiaztatu... ia dena egin ahal duzu ordenagailuaren bidez.

Ordenagailua amatatutakoan gelditzen dena, ordea, hori da zure bizitza. Asko edo gutxi izan. Etxean edo urruneko hotel honetan. Zure bizitza da pantaila itzaltzean geratzen dena.