Nafarroan aldarrikapen partikularren batuketak murrizketen aurkako auzolana eratu du
Nafarroan oihartzun handia izan dute aspaldion hezkuntza eta osasungintza arloetan izandako mobilizazioek. Hala ere, murrizketa horiei beste batzuk erantsiko dizkiete UPN eta PSNren Gobernuaren datorren urteko aurrekontuek, gizarte zerbitzuetan -noiz eta egunean baino egunean langabe eta behartsu gehiago pilatzen direnean- edo Kulturan bezala, nafar gehienenei eragingo dieten murrizketak. Horiek horrela, langile kolektibo baten ekimenarekin beste kolektibo batzuek bat egin zuten, eta sindikatuek, Langabeen Asanbleak... eta horien guztien aldarrikapen partikularren batuketak Murrizketen aurkako Plataforma osatu zuen. Hainbat protestaren ondoren, manifestazio batera deitu dute datorren larunbaterako, murrizketen aurkako benetako auzolana eratuta.
Ongizate estatuan, gizarte bidezkoago bat lortze aldera, zergak aberastasunak birbanatzeko biltzen dira, baina administrazioak bere aurrekontuak helburu horretara bideratzen ez dituenean, ongizate estatua deuseztatu egiten du. Eta denen ongizatea bermatzeko ardura dutenek huts egiten dutenean, denen ardura da denen eskubideak berreskuratzea.