Triz3ps proiektu berria aurkeztuko du Javi P3z-ek Donostian, bi emanalditan
GARA | DONOSTIA
Javi P3z musikagile, disko-jartzaile eta programatzaileak talde eta disko berria du. Proiektu berriak Triz3ps du izena, eta gaur Victoria Eugenia antzokian izango da, izen bereko diskoa aurkezten.
Javi P3z abeslari eta gitarra jotzaile da oraingo honetan, eta berarekin batera, Alberto Bosch baxu-jotzailea (Lau Behi edo Parafünk kide ohia) eta Oriol Flores bateria (Miqui Puig, Delicatessen kide ohia) dabiltza lanean.
Esan bezala, lehen emanaldia gaur izango da antzokiko Klub aretoan, 19.00etatik aurrera. Baina, kontzertu nagusia larunbatean izango da Donostiako Intxaurrondo auzoko kultur etxe berriaren irekiera ekitaldian. Izan ere, bertan, Triz3ps-ekin batera, Anari eta Gari ere izango dira emanaldi txikiak emanez. Festa 21.00etan hasiko da Anarirekin, jarraian Gariren txanda izango da, eta, azkenik, 23.00ak inguruan, Triz3ps taldeak diskoa aurkeztuko du.
Abesti berriak aurkeztuko dituzten arren, Javi P3z-en iraganari ere gainbegiratu bat emango diote, Parafünk taldearen abestiak joz. Gainera, abeslariak azaldu zuenez, sorpresa txiki batzuk ere eskainiko dizkiete ikus-entzuleei.
Diskoak hamar abesti ditu eta «Pretérito» edota «Andrómeda» bezalako izenburuek osatzen dute. Elektronikaren mundutik ihes egin du hirukoteak musika egiazkoago baten bila; instrumentuak sentitu nahi dituzte, errealitatera itzuli, alegia.