Ikasle eta irakasleen protestak abiatu dira Lapurdin
GARA | BAIONA
Baionako Paul-Bert ikastetxeko ateak blokeaturik agertu ziren atzo goizean. Frantziako Gobernuak hezkuntzan ezarriko dituen murrizketak salatzeko antzeko ekimenak egin dituzte azken egunetan Baiona, Angelu eta Donibane Lohizuneko beste hainbat lizeotan ere. Ikasleek abiatutako protestaldi horiek jarraipena izanen dute gaur, greba egunera deitu baitute hezkuntza arloko sindikatuek.
Protestaldien helburua lanpostu kopuruak txikitu izana, ikasleen ikaste prozesua zaildu izana eta hezkuntzako langileen lan baldintzak okertu izana salatzea da, besteak beste. Hezkuntza ministroak irakasle eta orientatzaileen ebaluaketa moldea sakonki eraldatzeko 2012ko sartzean abian jarri nahi duen lege proiektuak ere kezka sortu du. Gaur goizean, manifestaldia eginen da Baionako karriketan egora salatzeko.
Greba mugagabea
Baionako Paul-Bert ikastetxeko irakasleek greba mugagabea hasten zutela iragarri zuten atzo 2012ko sartzean hainbat ikasgela itxiko dituztela salatzeko. Irakasleekin eta ikasleekin bat egin eta gaur goizeko manifestaldian parte hartzeko deia egin diete gurasoei ere. FCPE guraso elkarteak, bere aldetik, frantses Gobernuak irakasleen formakuntzan bideratu nahi duen erreformak eskola publikoetako irakaskuntzaren kalitatea arrisku bizian jartzen duela salatu zuen atzo komunikabideetara bidalitako agiri batean.