GARA > Idatzia > Kultura

ETBk eta «Navarra Directo» saioak Nafarroan jarraitzearen aldeko 43.000 sinadura bildu dituzte

ETBko «Navarra Directo» saioko langileek ahotsa asko altxatu behar izan dute hilabete honetan, lanpostuak galtzeko zorian baitaude. Zuzendaritzak ez du erabakirik hartu eta langileek egoera salatzen jarraitzen dute.

GARA | IRUÑEA

Azken hilabetean ETB eta «Navarra Directo» Nafarroan LTD bidez jasotzearen aldeko babes soziala oso handia izan den arren, «arduradun politikoek ez diote arazoari soluziorik eman nahi izan oraindik», salatu zuten atzo saioko lankideek. Hala ere, 43.000 sinadura lortu dituzte, eta Nafarroako Gobernuari eta Lakuari aurkezteko asmoa dute, gizartearen iritzia erakundeetara eramanez. «Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu elkarlanean has daitezela, ETB Nafarroan LTD bitartez ikusi nahi duten milaka nafarren eskubideak behin betikoz bermatu ditzaten», dio komunikatuak.

«Gure lan egoerari dagokionez, gaur egun dakigun bakarra da `Navarra Directo'-ren ezabatzea uztailaren 15era arte atzeratu duela EITBek. Ez dakigu zein baldintzatan jarraituko duen ordura arte; izan ere, aurrekontua nabarmen murriztuko dute eta hainbat langile kalean geldituko dira. Hurrengo ordu edo egunetan jakingo dugu zein baldintzatan jarraituko duen saioak eta gutako zenbatek hasiko dugun urte berria langabezian».

Nafarroako Gobernuan gaur aurkeztuko dituzte sinadurak, eta laster beste horrenbeste egingo dute Lakuan. Gainera, biharko elkarretaratze bat antolatu dute Iruñean, 19.00etan, Gobernuaren egoitzaren aurrean, Carlos III.aren etorbidean. Bertan, «Navarra Directo» saioa eta arriskuan dauden hogei lanpostuak manten ditzatela aldarrikatu eta eskatuko dute, baita Nafarroako Gobernuak eta Lakuak 2009. urtean lortu zuten akordioa -Nafarroan ETB LTD bitartez ikus dadin- berehala bete dezatela ere.

PSN lagun

Bestalde, Nafarroako alderdi sozialistak «Navarra Directo» saioko langileekiko elkartasuna adierazi zuen atzo ohar baten bidez. Bertan, langileen alde dagoela eta egin duten aldarrikapenarekin ados dagoela adierazi zuen alderdiak.

«Urte hauetan erakutsitako lan eta profesionaltasuna positiboki baloratzen dugu eta alderdi guztien onurarako egoera ahalik eta modu egokienean konpon dadin lanean jarraituko dugu», diote sozialistek, atzo bidali zuten oharrean. Hala, Nafarroan programazioak aurrera jarrai dezala eta auzia ahalik eta azkarren konpon dadila eskatu zion PSN alderdiak EITBko zuzendaritza taldeari.

ADIERAZPENA

«Navarra Directo» saioko langileek beren aldarrikapenak zabaltzeko elkarretaratzea egingo dute Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean bihar 19.00etatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo