Anartz BILBAO Musikazalea
Lapurreta?
Zein azkar doan denbora. Herenegun urtebete zendu zen Enrique Morente kantaorea, Santa Luzia egun batez ustekabean mututua. Eta Durangoko Azoka ere, amaitu berritan, ajea baino ez da jada. Handiagoa, ajea diot, izango zuen orain gutxira arte Espainiako Kultura ministroa izan den Gonzalez Sindek, bere izena daraman legea -sine die utzi zuten- ez baita indarrean sartuko, Zapaterok aitortu duenez eztabaida sutsua piztu baitu sarean; tumatxa!
Espainiako Gobernu zenduaren erabakia ezagutu eta gozoak jarri direnak SGAE ahalguztiduneko ordezkariak dira, tartean lehendakari gai aurkeztu den Anton Reixa. Bide batez, gurpila itxi asmoz, esan dezagun berak eman ziola irekiera aurtengo Azokari, galiziarrak kultur gonbidatu zirela medio.
Sinde legea, SGAE eta Durango, Azoka barruan entzun nuen oihu bat ekarri nahi dut hona: «Kultur jabetza lapurreta da!». Ez nator Sapuetxeko atarian zintzilik zen afixaren leloa arbuiatzera, erantzunez pobre poltsa bete galdera baitaramat gainean... baina salaketak akordura ekarri didan kontua agertu nahi dut zutabera.
Huhezin irakasle den lagun batek dio: Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasle gehienak -lehen ikasturtean-, copyleftaren defendatzaile sutsuak dira. Ez ei dute jabetza kulturala maite eta ez dute ordaindu nahi, esaterako, doan lor dezaketen musikagatik.
Kontua da Mondragon Unibertsitateak urtero ikus-entzunezko lanen lehiaketa antolatzen duela. Berau aurkezten dutenean, ikasketak bukatzear den ikasleren batek beti luzatzen ei du itauna, lehiaketara aurkezten diren lanen egile eskubideak noren esku gelditzen diren. Izan ere, bizitzan bezala, ez da gauza bera jasotzea eta ematea. Galdetu bestela Ahotsenean izan den artista saldoari, ea zeini ematen dion musikak (edo idazlanek) ogia.