GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Zazpiehun olatu huts

Urtea amaitzear dela atzera begirada bat botatzeko une egokia izan daiteke. Egia esan, urteko edozein sasoitan egin daitekeen zerbait da, baina denbora eskumuturrean lotuta daraman giza espezie honek modu horretan sailkatua eta antolatua dauka gizartea; eta beraz, beste noizbait urtearen errepaso bat egiten hasiz gero desfasatuak geundeke.

Aurtengoan surf munduan izan den gertakari jakin bat gainontzeko guztiak baino garrantzitsuagoa izan dela esateko irizpiderik ez daukat. Surfa, beste edozein kirol bezala, kirol bat baino ez da; beraz, norberaren bizipen pertsonaletatik harago ez dut uste berebiziko garrantzi orokorrik izan dezakeenik.

Aurtengoan izan dugun onena, nire ustez, udazkeneko itsaskia izan da, dudarik gabe. Hainbeste egun jarraian, haize onarekin eta olatu handiekin izatea luxu bat da. Munduko oso leku gutxitan gerta daitekeen fenomenoa da.

Urruneko argazkiak begiratu eta amets egiteko ohitura handia dugu. Egin beharreko zerbait da, ziur aski, osasungarria ere izango da, baina sarri urrunegi joaten gara. Etxe ondoan duguna ezagutu ere egin gabe.

Gure kostaldea sekulakoa da, mota guztietako olatuak ditugu oso eremu laburrean. Daukagun altxorra behar bezala baloratu eta etxean ditugun baldintzak itzelezkoak direla ikusteko, ez dago munduan zehar bidaiatzea bezalakorik.

Esan bezala, onena etxean bertan dugu, baina onenak, lekuei zentzua ematen dieten lekutarrak, horiek, zoritxarrez urrun dira, urrunegi.

Beraz, urteko onena udazkeneko itsaskia izan bada, txarrena alferrik galdutako olatuak izan dira. Huts-hutsik lehorreratutako 700 olatu hutsak.

Hurrengo urtean olatu hutsik ez balego, ez nuke inongo zalantzarik izango gertaera garrantzitsuena aukeratzerako orduan. Udazkeneko itsaskiak izango dira, hego haizea eta olatu ederrak ere izango dira, orain olatuak surflariz janzteko baldintzak sortzea falta da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo