GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Gerard Butler aktorea, Mavericksen filmatzen ari zirenean erreskatatua

Gerard Butler aktoreak gorriak ikusi zituen film baterako irudiak hartzeko Mavericksen sartu eta olatu batek azpian antzeman zuenean.

p046_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Jay Moriarityren bizia kontatzen duen filma egiten ari dira Hollywooden eta Gerard Butler izango da Moriarity antzeztuko duen aktorea. Oso serio hartu du bere papera eta antzeztu behar duen pertsonaia ahalik eta ongien ezagutzearren hark egiten zituen gauzak egin eta bizi nahi ditu.

Pasa den udan hasi zen Butler surf egiten eta hilabete gutxi batzuk beranduago munduko olatu handietako leku arriskutsuenetako batean sartu da. Laguntza izan du, baina horrelakoetan ekidin ezina den zerbait gertatu zitzaion, alegia, olatu handi batek azpian antzematea.

Mavericks oso ongi ezagutzen duten surflariekin itsasoratu zen Gerard Butler: Greg Long, Pete Mel eta Zack Wormhoudt surflariekin hain zuzen ere. Gainera, inguruan uretako motoen babesa ere bazuen, baina olatu handi batek azpian harrapatzen zaituen unean ezer gutxi egin dezake beste norbaitek.

Bat-batean uhin lerro bat jaso zen beraien aurrean eta surflariek ubide alderantz arraun egiteko esan zioten aktoreari. Denek egin zuten arraun ahalik eta azkarren, baina lehen olatuak azpian antzeman zituen. Uretako motoarekin laguntzera abiatu zen sorosle bat, baina orduan beste olatu bat lehertu eta honek ere azpian harrapatu zuen aktorea. Bigarren olatu honek txikota hautsi zion eta taula galdu zuen.

Greg Longek honela deskribatzen du momentu hura: «Bigarren olatuaren ostean denbora luzea egin zuen ur azpian. Nik taula ikusten nuen, baina bere arrastorik ez zen. Hirugarren olatu batek harkaitzetara bultzatu zuen Butler, baina orduan sorosle bat gerturatu eta uretako motoan hartu ahal izan zuen. Nire ustez, oso ongi moldatu zen Butler, egoera larri hartan soseguz jokatzen jakin zuen eta hori ezinbestekoa da onik ateratzeko».

Butler ospitalera eraman zuten badaezpada, ondo zegoela ikusteko, baina ez zuen zauririk, izualdiak antsietatea eragin zion, baina ongi zegoen.

Dudarik gabe, baliagarri izan dakioke esperientzia berri hau aktoreari. Moriarityren bizitzako nondik norakoak ulertu eta hobeto antzeztu ahal izateko haren lagunek diotena arreta handiz entzuten omen du eta haien egunerokoan murgilduta omen dabil buru-belarri. Uhin lerro handi batek azpian antzematea hitzez adierazi ezin den zerbait da. Aktoreak bere azalean dastatu ahal izan du.

Gerard Butler aktoreak antzeztu behar duen surflaria, Jay Moriarity, Santa Cruzeko surflari ezaguna da. Santa Cruz Kaliforniaren iparraldean aurkitzen den kostaldea da eta olatu handi eta indartsuak izaten dira bertan.

Moriarity batez ere olatu handietan erakusten zuen maisutasunagatik egin zen famatua, baina mota guztietako olatuetan oso ongi moldatzen zen, baita modalitate desberdinetan ere.

16 urte zituela egin zen famatua; izan ere, Maverickseko olatu beldurgarrian oso erorketa arriskutsua izan zuen. Erorketa haren irudiak surf aldizkari guztietan argitaratu zituzten. Handik lau egunetara, 1994ko abenduaren 23an, olatuak txikiagoak zirela, leku berean hil zen Mark Foo, olatu handietako surflari hawaiiarra.

Olatu handietako ibilbide ikusgarri baten ostean, Moriarity 2001eko ekainaren 15ean hil zen, 22 urte egiteko egun falta zitzaiola. Indiako ozeanoko uretan hil zen, Maldiva uharteetan, urpekaritza egiten ari zela.

Greg Long olatu handietako surflaria da. Esperientzia handia du eta Mavericks oso ongi ezagutzen du. Hasiera batean film egileei laguntzeko prest agertu zen, egin behar zuten pelikula ahalik eta errealena izan zedin, baina ez zuen zuzenean parte hartzeko asmorik. Gogoa piztu zitzaion, ordea, aktoreek erakutsitako gogoa eta jakin-mina ikusi ostean.

Horrela mintzo zen bere erabakiaren inguruan: «Olatu handietako surfaren irudi ahalik eta justuena proiektatu nahi dute eta zentzu horretan, esfortzu handia ari dira egiten. Horregatik eman nion baietza filmean parte hartzeko gonbidapenari. Hasieran, eszeptikoa nintzen, baina olatu handietako surfa aldatzeko potentziala duela uste dut».

aktore ausarta

Pasa den udan hasi zen Butler surf egiten eta hilabete batzuk geroago munduko leku arriskutsuenetako batean sartu da. Adituen laguntza izan du, baina ausardia erakutsi du.

sustoa «Bigarren olatuaren ostean denbora luzea egin zuen ur azpian. Nik taula ikusten nuen, baina bere arrastorik ez zen. Hirugarren olatu batek harkaitzetara bultzatu zuen».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo